Herrigunean orduko 30 kilometroko abiadura ez gainditzea proposatu da

TTIPI TTAPA 2010eko irailaren 28a

Oinez eta bizikletaz ibiltzeko neurriekin Mugikortasun Plana aurkeztu du Udalak

Herrian barna oinez edo bizikletaz mugitzeko neurriak proposatzen dituen Mugikortasun Plana aurkeztu du Udalak. Crana Nafarroako Ingu­rumen Arloko Baliabideen Zentroak eta Udalaren arteko lankidetza izan da mugikortasuna hobetzeko plan hau abian paratu duena eta Iruñeko Oraint­xe enpresak idatzi du. Helburua argia da: oinez eta bizikletaz herrian ibiltzeko neurriak proposatu eta prakti­kan paratzea da. Irailaren 17an egin zen itunaren aurkezpena Herriko Etxean, baina gizarte eragileek asteotan har­tze­koak dira idatzia, sina dezaten eta Udalak irail hondarreko batza­rrean onartzea espero da.

 

30 kilometro orduko gehienez

Herrigunean oinez edo bizikletaz ibiltzea sustatzeko neurri nagusien artean, herrigune osoan ibilgailuen gehieneko abiadura orduko 30 kilometrora mugatzea aurreikusi da. Oinezkoen eskubideak auto gidarien eskubideen gainetik paratu nahi dira horrela.

Horrez gain, erosketak egitea errazteko eta egun osoan autoa bertan ez uzteko helburuarekin, Altzateko Plazan eta Kanttonberrin gehienez ordu eta erdiz aparkatzeko baimena utziko da. Bertze zenbait neu­rri ere proposatuko dira Ituneko ekintza planean, hala nola, kiroldegi aitzinean bizikletendako aparkaleku estalia egitea, oinezkoen ibilbideei espaloi bidez jarraipena emateko estudioa egitea edo Bortzirietan autobus zerbitzu mankomunatua gauzatzeko Udalak gestioak egitea Nafarroako Gobernuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun