Irailaren 17an 21:00 aldera piztu zen sute batek erabat kiskali zuen Txarandaka motor enpresaren egoitza. Errepidetik igaro zen gidari batek ohartarazi zuen Nafarroako Larrialdien Zerbitzua, sua eta kea ikusi zuelako. Denera, 35 suhiltzaile joan ziren sua itzaltzera, Iruñea eta Oronoz-Mugairiko profesionalez gain, Lesakako eta herriko boluntarioak ere joan ziren eta suaren indarra ikusiz, Irungoak ere bai. Larunbatean 01:30 aldera sua itzalitzat eman bazuten ere, suhiltzaileek ura botatzeari utzi ziotenean, berriz ere sua ateratzen hasi eta badaezpada, 11:00 arte inguruan izan ziren. Txarandaka motor dendan, 300 bat ibilgailu zeuden, motoak eta quadak. Sua ez zen ondoko nabeetara hedatu, nahiz eta kanpokoaldea beltzatua gelditu zitzaien. Kezka sortu zen inguruan baitago olio industrialarekin lan egiten duen Verkolen lantegia. Iñaki Irigoien Garcia Txarandakako arduradunak duela sei urte inauguratu zuen duela bi aste kiskalita gelditu den gunea.