Inguru honetan egiten den mendi bizikleta ibilaldietako beteranoenak, Gure Txokoa elkarteak antolatzen duen Berako Mendi Bizikleta itzuliak hemezortzigarren edizioa beteko du igande honetan, irailaren 26an.
Aurtengoan ere hiru ibilbide aukeran izanen dituzte partehartzaileek. Denak, 10:00etan abiatuko dira Matzadatik. Luzeena, 30 kilometro eginen ditu, Sarraia, Postas, Manttale, Ibardin, Benta Gorria, Usategieta, Landagaita, Lizuniaga, tiro zelaia eta Ardanbidetik igaro ondotik, berriz ere Matzadan helmugaratuko baita. Bertze ibilbidea 20 kilometrokoa izanen da eta hasieran luzearen berdin-berdina izanen bada ere, behin Usategietara ailegatuta Berara jautsiko dira txirrindulariak. Eta ttikienek hirugarren aukera ere izanen dute, 10 kilometrokoa: Ibardineraino helduen ibilbide bera izanen dute, baina Ibardinetik herrira jautsiko dira.
Aipatzekoa da izen ematerakoan federatu gabekoek 15 euro ordaindu beharko dituztela, federatuek 10 euro eta ttikiek 10 euro. Txirrindulariak jan-edariz hornituko dituzte Usategietan. Horretaz gain, helmugan, Katea-Bike dendak eskainitako bi bizikleta zozketatuko dira eta Larun Haizpe Merkatarien Elkarteak, erosketa-bono baten zozketa ere eginen du.