Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen Eguna urriaren 31n ospatuko da

Aitor Arotzena 2010ko ira. 23a, 10:19

Eguna iragarriko duen kartela Adrian Labadie etxalartarrak diseinatu du. Aitor Arotzena

Erakundeak 20 urte bete dituela eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte bortz herrietako euskara batzordekideek

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak 20 urte bete ditu aurten eta urteurrena ospatzeko, Mankomunitatearen Eguna antolatuko du urriaren 31n Beran, irailaren 22an emandako prentsaurrekoan jakinarazitakoaren arabera. Mentxu Peña Arantzako batzordekideak mankomunitatearen 20 urteko ibilbidea laburtu zuen eta urriaren 31rako iragarriak dauden ekitaldiak aitzindu zituen. Bertzeak bertze, Matzada futbol zelaian 350 lagun bildu nahi dira, mankomunitatearen irudia jendez osatzeko eta aireko irudiak hartzeko.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak 20 urte bete ditu aurten eta urteurrena ospatzeko, Mankomunitatearen Eguna antolatuko du urriaren 31n Beran, irailaren 22an emandako prentsaurrekoan jakinarazitakoaren arabera. Mentxu Peña Arantzako batzordekideak mankomunitatearen 20 urteko ibilbidea laburtu zuen.

Ofizialki 1990eko maiatzaren 18an sortu zen, egun horretan onartu baitziren estatutuak, eta batzordeak sortu. Halere, aitzineko urteetan egindako lana ezinbertzekoa izan zen mankomunitatea sortzeko. Euskararen aldeko giroa eta gogoa indartzen ari zen: euskarazko irakaskuntza, helduen euskalduntze eta alfabetatzea, Ttipi-ttapa hiru-hilabetekaria... Testuinguru horretan hasi ziren biltzen Bortzirietako hainbat euskaltzale, euskararen aldeko lana eginen zuen tresna eta baliabideak eskainiko zituen azpiegitura bat sortzeko asmoarekin. Bizpahiru urteko gogoetaren ondotik, eta udalekin elkarlanean, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea sortu zuten. Geroztik, mankomunitateak Bortzirietako arlo guztietan eragin nahi izan du: kulturan, familian, administrazioan, irakaskuntzan, ekonomian... helburu baitu arlo guzietan euskarari sarbide ematea eta gure hizkuntzaren egoera normalizatzea. “Zalantzarik gabe, euskarak aitzinera pausoak eman ditu 20 urteotan. Hala erakusten dute esku artean ditugun datu guztiek, eta hala ikusten dugu udaletara goazenean, karrikan, haur eta gaztetxoen arteko harremanean, gure herrietako dendetako kartel eta errotuluetan… Mankomunitateak argi erakutsi du Bortzirietan euskara normalizatzeko tresna egokia eta baliagarria dela” adierazi zuen Mentxu Peñak.

Halere, euskarak Bortzirietan bide luze omen du egiteke, eta horretan lanean behar bezala aritzeko mankomunitateak ongi hornitua egon behar du; ongi hornitua giza baliabideekin —batez ere herritarren parte hartzearekin—, eta ongi hornitua baliabide ekonomikoekin eta materialekin. “Besta egun honek, bada, egindako bidea eta lana ospatzeaz gainera, oraindik egiteke dagoen guztia gogorarazi nahi du, eta hori behar bezala egiteko mankomunitate indartsu bat aldarrikatu” aipatu zuen batzordekideak.

 

Mankomunitatearen Eguna

Gero, urriaren 31n Beran ospatuko den Mankomunitatearen Egunaren berri eman zuen. Azken hilabeteotan euskara batzordeak buru-belarri dabiltza egun hori antolatzen, egun osoko besta arrakastatsua eta parte-hartzailea izan dadin. Oraindik behin betiko egitaraua emateko goizegi bada ere, ideia nagusienak eman zituen.

Honela, hitzordua goizeko 11:00etan izanen da, Mukixuko zubian. Hortik Matzadara abiatu eta bertan eginen dugu irudiaren ekitaldia. “Futbol zelaian mankomunitatearen eta batzordeen logotipoa jendez beteko dugu. Logotipo erraldoia osatu nahi dugu, eta 350 lagun bildu nahi ditugu horretarako. Airetik jendez betetako logotipo horren irudiak hartuko dituzte hainbat argazkilarik eta kamerak. Bortzirietako euskaltzaleei dei berezia egiten diegu ekitaldi honetan parte hartzeko” jakinarazi zuen.

Ondotik, 12:30 aldera, martxa jendetsua eginen da Matzadatik Altzatera. Bertan parte hartuko dute Bortzirietako hainbat taldek (musikari, dantzari eta gisakoek). Euskara batzordeko kideak harremanean daude talde horiekin, eta erantzun ezinhobea hartzen ari dira. 13:00etan Altzateko plazan ekitaldi bat eginen da, eta bertan mankomunitatearen aldeko adierazpena irakurriko da. Ekitaldi horretan bertsolariek, bandek eta bertze zenbait taldek ere parte hartuko dute. 14:00etan herri-bazkaria izanen da, Altzateko frontoian. Txartelak salgai dira dagoeneko, eta ohiko tokietan edo batzordekideengana jota eskuratzen ahal dira. Helduen bazkariak 15 euro balio du, eta haurrenak 6 euro. Arratsaldean haurrentzako tailerrak, helduentzako jokoak eta zozketak, musika eta berbena izanen dira. “Egun pasa egiteko parada ederra eskaini nahi dugu, eta bereziki animatu nahi ditugu gazteak, familiak eta euskaltzale den oro besta honetan parte hartzera” aipatu zuten Euskara batzordekideek.

Egun horretarako prestatutako kartela ere erakutsi zuten, Etxalarko Adrian Labadiek egina.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun