Hasierako aurrikuspen beltzak ez ziren bete eta irailaren 17an, ortziral arratsean Iamotenean egindako batzarrean, zuzendaritza batzordea berritzea lortu zuen Berako Gure Txokoa elkarteak. Egia da oraingoan ere ez zela bazkide aunitz bildu, 1.300 dituen elkarte batean 30 bat bertzerik ez. Baina bertaratu zirenak lanerako gogoz etorri ziren eta batzuk, gaur egungo batzordeari erreleboa emateko prest.
Lau urteotan lanean aritu den batzordeak, agintaldiaren laburpen bat egin zuen lehenik, tarte honetan elkartearen 75. urtemuga, Iamoteneako erreforma, Matzadako argiteri berria, ostatuan egindako hobekuntzak eta bertze zenbait lan egin eta antolatu behar izan baitituzte. Horretaz gain, futbol talde berriak ere sortu dira eta batez ere, dantza taldearen antolakuntza azpimarratu zuten.
Denbora honetan, elkarteko bokalia ezberdinetan lanean aritu direnei ere eskerrak eman zizkieten, bertzeak bertze Luis Irazoki, Luis Mari Retegi, Joseba Lasarte, Maria Barredo, Jon de la Kruz, Aritz Perez, Lurraren Eguneko lan taldea, Patxi Pikabea eta Sabino Gomez. Antolatutako ekitaldietan laguntza eman duten babesle eta laguntzaileei ere eskerrak eman zizkieten, beraiek gabe ez baitzen posible izanen Berak kirol eta kultur arloan izan duen dinamika sortzea.
Batzorde berria
Ondotik, zuzendaritza batzordea berritzeko hauteskundeen txanda izan zen eta lanerako prest agertu zen talde bat. Honela, datozen lau urteetan Angel Ponbar izanen da Gure Txokoako presidente; Angeltxo Aranibar eta Jabier Etxegarai presidente orde; Aloña Lasaga eta Jorge Arakues izanen dira idazkari eta Ainhoa Irazoki diruzaina.