Irailaren 17an, arratseko 21:00ak aldera piztu zen sute batek erabat kixkali zuen Berako Txarandaka Moto enpresaren egoitza, Berako Zalain auzoan. Errepidetik igaro zen gidari batek ohartarazi zuen Nafarroako Larrialdi Zerbitzua, sua eta kea ikusi zuelako. Denera, 35 suhiltzaile joan ziren sua itzaltzera, Iruña eta Oronoz-Mugairiko profesionalez gain, Lesakako eta Berako boluntarioak ere bertaratu ziren eta suaren indarra ikusiz, Irungoak ere hurbildu ziren. Larunbat goizeko 01:30a aldera sua itzalitzat eman bazuten ere, suhiltzaileek ura botatzeaz uztez zutenean, berriz ere sua ateratzen zen eta badaezpada, goizeko 11:00ak aldera arte lantegi inguruan izan ziren.
Txarandaka moto dendan, 300 bat ibilgailu zeuden, motoak eta quadak. Sua ez zen ondoko nabeetara hedatu, nahiz eta kanpokoaldea beltzatua zuten. Baina kezka zegoen, inguruan baitago olio industrialarekin lan egiten duen Verkolen lantegia ere. Zorionez, suak ez zuen pertsonengan eraginik izan eta inor ez zuten atenditu behar izan, erredurengatik edo kea arnasteagatik.
Txarandaka enpresako arduraduna, Iñaki Irigoien Garcia aski ezaguna da. Gazte-gaztea zela hasi zen aitarekin lanean tailerrean eta 1996an ireki zuen motoak eta quadak moldatzeko eta saltzeko tailerra Bidasoa karrikan. Duela sei urte inauguratu zen orain kixkalita gelditu den merkataritza gunea eta Berriozarren ere badu bertze denda bat. Quad lasterketetan ere ibilia da Txarandaka.