Mugikortasun astearen barrenean, Berako Mugikortasun Ituna aurkeztu du irailaren 17an Udalak, horretarako prestatutako hainbat ekintzarekin batera. Cranak (Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabideen Zentroa) eta Berako Udalaren arteko lankidetza izan da mugikortasuna hobetzeko plan hau abian paratzea, Iruñeko Oraintxe enpresa izan da plana idazteaz arduratu dena, eta helburu nagusia oinez zein bizikletaz Beran barna mugitzeko neurriak proposatzea eta praktikan paratzea du planak, ibilgailuen gehiegizko presentziaren aitzinean.
Berako Herriko Etxean itunaren aurkezpena egin bada ere, gizarte eragileek datozen bi asteetan hartuko dute idatzia, sina dezaten eta Udalak irail hondarreko batzarrean onartzea espero da.
Herrigunean 30 kilometro orduko gehienez
Herrigunean oinez edo bizikletaz ibiltzea sustatzeko helburu horretan, epe laburrean edo luzeagoan gauzatzeko moduko ekintzak izanen direla aipatu dute ortziraleko agerraldian. Honela, neurri nagusien artean, herrigune osoan ibilgailuen gehieneko abiadura orduko 30 kilometrora mugatzea aurrikusia dago. Alde horretatik, Helena Santesteban zinegotziak garbi azaldu du “oinezkoen eskubideak auto gidarien eskubideen gainetik jartzeko ordua” dela.
Horretaz gain, erosketak egitea errazteko eta egun osoan autoa bertan ez uzteko helburuarekin, Altzateko Plazan eta Kanttonberrin gehienez ordu terdiz aparkatzeko baimena utziko dela ere aitzindu dute. Bertze zenbait neurri ere proposatuko dira Ituneko ekintza planean, hala nola, kiroldegi aitzinean bizikletendako aparkaleku estalia egitea, oinezkoen ibilbideei espaloi bidez jarraipena emateko estudioa egitea edo Bortzirietan autobus zerbitzu mankomunatua gauzatzeko Udalak gestioak egitea Nafarroako Gobernuan.