“Nire ustez herri kirolek izaten dute arrakastarik gehien”

TTIPI TTAPA 2010ko ira. 16a, 16:58

Iñaki Goienetxe Igantziko alkatea. Utzitako argazkia

Aurtengo besta egitarauak zazpi egun hartzen ditu. Iraileko azke­neko asteburuan hasiko dira igantziarrak motorrak berotzen bertso afari eta Artzain Zakur Txa­pel­ketarekin eta, hurren­go larunbatean, urriak 2, akabera emanen diote 2010eko San Migelei. “Bai, aurten hola tokatzen da. Bate­re ustegabean, bata eta bertzea kontatzen hasi eta, azkenean, zazpi egunetan bada zerbait. Tartean, astelehenean ez da deus, 28a bezpera da eta 25 eta 26a ere ez dira besta osoko egunak, baina tira, ez dakit aunitz edo gutti den baina azkenean zazpi egunetan bada zerbait”. Izan ere, aurten San Migel eguna asteaz­kenerakin suertatzen da eta, holakoetan, pixka bat “arra­roagoak” izaten direla aitortzen digu Iñaki Goienetxek, Igantziko alkateak. “astegunetan kanpotik ez da jende aunitz etortzen eta, normala den bezala, gazteek eta ostatuek nahi izaten dute asteburutan zerbait izatea”.

Bertze urtetan bezala, hiru egunetan izanen dituzte bertsolariak; bertso afarian, bertso pilotan eta bertso bazkarian. “Joan den ur­tean herri kirolak eta bertsola­riak egin ziren baina, beharbada, erritmoa hautsi zen pixka bat eta, aur­ten, bertso pilotara itzuli gara berriz. Gero bertso afaria izaten da, gazteak antolatua, eta baita bertso bazkaria ere, Sustrai Coli­na eta Egañarekin. Gainerakoan, ilunabar-gaueko musika eta dantzaldietan soma­tuko da aur­ten aldaketa. Egu­nero musika taldeak ekarri beharrean konponbide merke­a­goak bilatu dira. “Arrazoia ekonomikoa da. Taldeak gosta egiten dira pila bat eta, araberan, uste dugu ez zaiela hainbertze probetxurik ateratzen. Gazteek ere gauza beretsua erra­ten dute eta, aurten, gisa honetara probatuko dugu. Bi egunetan DJak ekarriko ditugu, bertze batean Joxe Angel, bertzean Modesto eta ortziral arratsean bertze talde batzuk. Aurten honela probatu eta ikusiko da”.

Aspalditik, bestatako programan toki fijoa izaten dute Artzain Zakur Txapelketak eta Gazta Lehia­ketak. “Artzain Zakur Txa­pel­ke­tarekin Bertiz Partzuergo Turistikoak laguntzen digu eta Gazta Lehiaketara 12-13 gazta presentatzen dira”. Alabaina, alkatearen ustez jende gehien biltzen duena herri kirola izaten da. Urriaren 2an Euskal Herriko Lehen Mailako Arpanlari Txapelketa izanen da eta, ondotik, herritarren arteko desafioa.

Aurrekontuaz galdetuta“24.000 euro inguru” joanen direla pentsa­tzen du Goienetxek. “Ez gara gauzak izugarri murriztera joan. Izatekotan, luntxak, gonbiteak, musika, profesionalen pilota partidak… holakotan xuabego ibili gara baina, generalean, mantentzen saiatu gara”. Hori bai, aur­ten ere su artifizialak izanen dira, “eta debalde gainera!”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun