Nolako giroa zegoen euskararen inguruan Mankomunitatea sortu aitzinetik?
Pello Apezetxea. Euskararen aldeko sentimendua bazen. Diktadura denboran askatasuna eta euskara debekatuak egon baitziren, hura akabatzean lehertze gisako fenomenoa gertatu zen, debekatuta egondakoen aldekoa, eta, neurri batez, haiek berreskuratu nahia. Biztanleriaren sektore batena, noski.
Ikastolak sortu ziren, eta horrek jende aunitz euskara munduan sartzera bulkatu zuen. Andereñoen lana ordaintzeko ere, Diputazio eta Udalen dirulaguntza urri gelditzen zen. Diru gehiago eskuratzeko eta toki eta materialea egokitzeko, ikasleen gurasoek lan egin behar izan zuten, eta gogoz egin zuten, ikastolak aitzinera eramateko. Hainbat gauza antolatzen zuten herritarren laguntza eskatzeko, horrela jende gehiago interesatuz euskararen alde.
Euskara ikasteko edo eta hobetzeko klaseak ematen hasi ziren, gau eskola izenarekin, lehenbizitik. Euskaltegi izenarekin gero, Bortzirietako irakasleak bildu eta prestatze lanetan lagunduz, eta ikasleak erakartzeko kanpainak antolatuz. Lehenengoetan nahiz gerokoetan, jendearen gogoa ikusi zen, eta taldeak sortu ziren.
Euskararen aldeko erabaki berezia izan zen eskoletan D eredua sartzea, haurrak elkarrekin erdaraz aritzetik euskaraz aritzera eraman baitzituen.
Fenomeno hauek jendeak zuen sentimendua, kontzientzia eta gogoa erakusten digute. Baina, denbora berean, euskaraganako kontzientzia hori indartzen lagungarri izan zirela uste dut. Bide horretan sartu beharko genuke ttipi-ttaparen sorrera ere, lehenengo urteetan maiztasun ttikiagorekin, 1990ean hamabortzekari bihurtu zena.
Bittori Telletxea. Gizartean euskararen aldeko giroa bazegoen eta gogoa ere bai, gabezia handia sumatzen zelako. Bortzirietan zaila zen edozein udaletara edo erakundeetara euskaraz jotzea. Presentzia eskasa zuen euskarak gizartean: hiru hilabetetik ttipi-ttapa ateratzen zen, Euskaltegia martxan jarri zen... Administrazio aldetik sumatzen zen zerbait egiteko beharra eta jendeartean Euskararen gaiak lehentasuna hartu zuen.
Erraten ahal dugu 1983en Nafarroa Oinez izan zela Beran eta ondotik kultur giroa ere zabaldu zela, euskarari lehentasuna emanez. Euskaltegiak eragin handia zuen, elkarteak eta bertze erakundeak ere bai eta giro horretan eta 1987ko hauteskundeen ondotik, zerbait egiteko beharra zegoela nabarmentzen da. 1988an hasi ginen serioski Euskararen aldeko azpiegitura antolatzen eta azkeanean alde batetik gizartea eta bertzetik asministrazioak bat egin zuten, hautetsien eraginez noski, eta hainbat bilera, proposamen eta lanen ondotik Bortzirietako Euskara Batzordea osatu zen lehenbizi Arantzako Udalaren eskutik eta azkenean Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen Estatutuak 1990eko maiatzean onartu ziren.
Bi urte eman genituen lehenagotik biltzen, eztabaidatzen, lantzen... bilera jendetsuak izaten ziren eta arlo aunitzetako jendea hurbildu zen: irakaskuntza, zerbitzuak, elkarteak, hautetsiak, eliza.... baina inoiz ez genuen pentsatu ere horrelako antolakuntzarik emanen zenik.
Mikel Legarra. Euskara egoera kaxkarrean zegoen. Tresna instituzionalak, ekonomikoak eta antolaketazkoak falta genituen. Euskararen eta euskaldunen autoestima eskaxa zen gizartean, euskararen erabilera murrizten ari zen kalean eta zerbitzuetan. Gainera, biztanle gutxi, 5 herritan banatuak eta aurrekari gutxi nondik jo jakiteko.
Bestalde, batzuk euskararen aurka lanean eta euskaldunak-euskaltzaleak oso banatuta, bakoitzak bere bideak lehenetsi nahian. Gaur bezala gutti gora behera.
Tresna oso garrantzitsua lortu zen politikoki, sozialki eta ekonomia aldetik, batasuna eta oreka lortu zelako. Garrantzitsua zen (eta da) euskararen gaian, DENAK egotea eta eguneroko politikatik kanpo dagoen zerbait izatea.
Behin osatuta, nola baloratzen duzu Mankomunitateak hartu zuen bidea?
Pello Apezetxea. Bortzirietako Mankomunitatea 1990ean legeztatu baldin bazen ere, bere sortze eta hastapena lehenagokoa dela erraten ahal dugu. 1980. hamarkadako azken urteetan euskalgintza eta ikastetxeko jende multzo handiak, Udalen babes osoarekin, hainbat bilkura egin zuen, Bortzirietako euskararen egoera hobetu beharraz ohartuta. Bilkura haietan adierazi zen azterketa soziolinguistikoaren beharra, euskararen egoeraren berri xeheagoa eskuratzeko. Udalek bere gain hartu eta Siadeko elkarteari eskatu zioten. 1989an bukatua zegoen. Bilkura horietan, euskararen egoera normaltzeko zer egin ikusten joateko, talde batzuk plantatu ziren, irakaskuntza, administrazio eta bertze arloak aztergai hartuta. Bortzirietako Euskara Batzordea izena eman zitzaion taldea ere martxan paratu zen, bortz herriak euskararen inguruan elkarturik, beraren egoitza Arantzan kokatu, eta baita Koordinatzaile bat hautatu ere, gaur egun Teknikari deitzen dugunari dagokion lana betetzeko.
Mankomunitatearen osaketa modua hagitz garrantzitsua da, eta solasbide franko izan zuen. Hiru batzorde mota ditu Mankomunitateak: 1.- Batzorde Erabakitzailea, izenak dioen bezala erabakiak hartzen dituena. Udalbatzarretako partaideak dira, eta Udal bakoitzak hautatutako ordezkariak dira. 2.- Aholkularitza Batzordea, erabakitzailea bezala 7 partaidek osotzen dutena, herrietako Euskara Batzordeek hautatuak. Erabakitzaileari aholkuak eskaintzen dizkio. 3.- Bortz herrietako Euskara Batzordeak, euskaraz interesatzen den herriko edozein erakunde edo jende partaide dituena. Herriko euskararen egoeraz arduratzen da. Egitura hau aski egokia dela uste dut, legeak paratzen dituen mugak kontuan hartuta. Batzorde Erabakitzailean, udalbatzarkideez gain euskalgintzako jendea sartzea nahi izan genuen, euskararen aldeko jarrera ziurtatzeko, baina legez ezinezko da.
Mankomunitateak hartu zuen bidea laburki ikusteko, 1990eko plangintza eta aurrekontua gogoratzen ahal ditugu: 1.- Euskararen kanpainak, 2.- Euskararen Udal Ordenantza, 3.- Azterketa soziolinguistikoan oinarrituz bideratu beharrako hainbat lan. 4.- Euskararen neurketa. 5.- Zenbait dirulaguntza ematea euskararen alde lanean ari diren taldeei. 6.- Euskal langileria euskalduntzeko eta alfabetatzeko plangintza. Ikuspegi nahiko zabala ageri da planteamendu honetan, aitzinera urratsak emateko.
Bittori Telletxea. Mankomunitateak hasieran hartutako bidea segitu du: Euskara babestu eta garatzeko bidea. Izugarrizko aurrerapausoa eman da 20 urte hauetan eta Mankomunitatea beharrezkoa tresna da. Arront egokia iduritzen zait eta gainera eredugarria dela ezin da ukatu.
Euskalgintza motorra izan zen orduan eta orain ere garrantzi berezia hartu behar luke, Mankomunitate eraginkorra berreskuratzeko, gelditzen zaigun bide luze honetan, Euskarak adostasuna, indarrak batzea eta lehentasuna ematea behar du.
Gogorra da, Bortzirietan hautetsi guztiak euskararen aldekoak direla erraten dutenean eta gero Mankomunitatea behar bezala hornitzeko arazoak izan dezaketela ikustea. Baina oraingo etapan horrela gertatzen ari da eta zaila da onartzea eta konformatzea.
Beraz, urtemuga hau ospatzea derrigorrezkoa dela erran genezake, euskalgintzaren aldetik prest egon behar dugula bederen akuilu bezala aritzeko, dena ez delakoz bertzeen eskuetan utzi eta gu lasai-lasai gelditzea. Mankomunitatea osatu zenean euskalgintzak lan handia egin zuen eta orain ere horrela egin beharko da, Gizartearen presioa sumatu nahi nuke.
Mikel Belarra. Bortzirietara kanpotik begiratuta esan liteke pribilegiatuak zaretela Mankomunitatea bezalako tresna bat izatean. Derrigorrezkoa da tresna horri etekina ateratzea, beste eskualde askotarako eredugarri ere izan daitekeelako. Garrantzitsua iruditzen zait gestioan ari direnek formakuntza, ahalmena eta intentzio aldetik prestatuta egotea, sozial eta udal-talde guztien erosotasuna, inplikazioa, lankidetza eta konplizitatea bilatu eta garantizatzeko.