Berako Gure Txokoa elkartearen zuzendaritza batzorde berria aukeratzeko batzarra eginen dute irailaren 17an, ortziral arratseko 20:00etatik aitzinera. Gai-ordenean, lehenik kandidaturen aurkezpena eginen da, gero proiektuak agertuko dira eta bozketaren ondotik, zuzendaritza batzorde berria izendatuko da.
Baina gerta daiteke inolako hautagaitzarik ez izatea ere. Kasu horretan, bertze batzar bat deituko da hamabortz egunez eta orduan ere inor agertuko ez baliz, Gure Txokoa elkartea urtebetez gidatuko lukeen Kudeaketa Batzordea izendatzeko tramiteak hasiko lirateke, elkarteak dituen bokalia bakoitzeko ordezkari banarekin.
Azkeneko batzarretara bazkide gutti agertu dela-eta, gaur egungo zuzendaritza batzordetik bozketan parte hartzera animatzen dute. Modu berean, hautagaitza osatzerik izan ez duten, baina lanerako prest dauden bazkideak ere animatu nahi dituzte.
Aipatzekoa da Berako elkarte handienaren azkeneko batzarretara jende gutti agertu dela eta, batzordea berritzeko estatutuak aldatzeko ez ohiko batzarra egin zutela uztailaren 16an. Orduan ere, gaia hain garrantzitsua izanik, 1.300 bazkidetatik 26 bertzerik ez ziren agertu bilerara.