Berako Labiagak Lore Jokoak antolatu ditu irailaren 16tik 19ra

TTIPI TTAPA 2010eko irailaren 15a

Juan Mari Beltranek euskal tresnen kontzertua eskainiko du larunbat arratsaldean. TTIPI TTAPA

Ikastolak antolatutako ekitaldiez gain, irakurketa jarraia eta Dantzari Ttiki Eguna ere antolatu dute bertze eragileek

Irailaren 16tik 19ra Berako Labiaga ikastolak, herriko hainbat eragilerekin batera Lore Jokoak antolatu ditu. Ikastolak berez prestatutako ekitaldiez gain, Berako eta Bortzirietako bertze eragile batzuk prestatu dituzten ekitaldiak ere sartu dituzte egitarauan, hala nola Euskara Mankomunitateak eta IKA euskaltegiak ortzegun arratsaldean antolatutako irakurketa saio jarraia eta larunbatean Gure Txokoa dantza taldeak antolatu duen Dantzari Ttiki Eguna.

Irailaren 16tik 19ra Berako Labiaga ikastolak, herriko hainbat eragilerekin batera Lore Jokoak antolatu ditu. Ikastolak berez prestatutako ekitaldiez gain, Berako eta Bortzirietako bertze eragile batzuk prestatu dituzten ekitaldiak ere sartu dituzte egitarauan, hala nola Euskara Mankomunitateak eta IKA euskaltegiak ortzegun arratsaldean antolatutako irakurketa saio jarraia eta larunbatean Gure Txokoa dantza taldeak antolatu duen Dantzari Ttiki Eguna.

Egitarau horren barrenean, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen eta Bortzirietako IKA Euskaltegiraren eskutik, irakurketa saio jarraia izanen da Jamotenean. 18:00etan hasita, Karmele Jaio idazlearen “Zu bezain ahul” liburua irakurriko dute Bortzirietako irakasle, ikasle, guraso, udal ordezkari, kirolari, euskaltzale, elkartekide eta bertze eragileek. Irailaren 30a arte zabalik dagoen matrikulazio kanpainari hasiera emateko ekitaldia izanen da hau.

Irailaren 17an, ortziralean, hitzaldia antolatu du Labiaga ikastolak. Mirari Bereziartuak “Euskal Herria estatuaren euskal eskola nazionala” solasaldia eskainiko du 20:00etan Berako liburutegian.

 

Dantzari Ttiki Eguna larunbatean

Irailaren 18an, larunbatean, Gure Txokoa dantza taldeak hamaseigarren urtez antolatu duen Dantzari Ttiki Eguna ere txertatua dago egitarauan. Beraz, goizeko 10:30etik aitzinera herriko eta inguruko herrietatik etorriko diren dantzari ttikien saioak ikusteko modua izanen da. Egun berean, arratsaldeko 18:30ean euskal tresnen kontzertua eskainiko du Juan Mari Beltran musikariak Altzateko plazan edo, euria eginen balu, Kultur Etxean. Labiaga ikastolak Berako Kultur Batzordearen laguntza izanen du antolaketan.

 

Erromeria Eguna igandean

Irailaren 19an, igandean, Erromeria Eguna prestatu du Labiaga ikastolak. 11:30etik 12:30era patata tortilla lehiaketa eginen da. Izena emateko Xuga, Errekalde edo ikastolara jo behar da. Karrika animazioa ere izanen da Musika Eskolako trikitilariekin. 12:30ean bertso poteoa izanen da eta 14:00etan ikastolako bazkaria. Bazkalondoan, “Joseph and John-en” ikuskizuna izanen da Altzateko frontoian, “This is the Basque Country” izenburupean eta dantza herrikoiak Gure Txokoako dantzariekin eta Ezpelur gaiteroekin. Arratsalde osoan musika eta karrika animazioa ere izanen da Lesakako trikitilarien eskutik. Erromeria eguna behar bezala girotzeko, Labiaga ikastolatik jakinarazi dutenez, “polita izanen litzateke parte hartzen duen jendea baserritarrez jantzita egotea”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun