Mugikortasun astearen barrenean, Berako Mugikortasun Plana aurkeztuko du Udalak, horretarako prestatutako hainbat ekintzarekin batera. Cranak (Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabideen Zentroa) eta Berako Udalaren arteko lankidetza izan da mugikortasuna hobetzeko plan hau abian paratzea, Iruñeko Oraintxe enpresa izan da plana idazteaz arduratu dena, eta helburu nagusia oinez zein bizikletaz Beran barna mugitzeko neurriak proposatzea eta praktikan paratzea du planak, ibilgailuen gehiegizko presentziaren aitzinean. Joan den irailaz geroztik lanean dira bi erakundeak, eta herriko eragile sozial ezberdinekin plana erredaktatu aitzinetik, ezagutzera emateko eta praktikan paratzeko tenorea da orain. Horretarako, eta mugikortasunaren astearen baitan, hainbat ekitaldi antolatu dira datozen egunetarako. Honela, asteartetik ortziralera bitarte (irailaren 14tik 17ra, 18:00etatik 20:00etara, Beralandetan (garai bateko hiltegian, kultur etxearen ondoan), “Pedalkadak iraunkortasunerantz” erakusketa egonen da ikusgai.
Herrian, Txirrindula
Ortziralean, irailaren 17an, “Herrian, Txirrindula!” goiburupean, hainbat ekitaldi eginen dira: 10:00etan Mugikortasun Ituna eta ekintzen proposamena aurkeztuko da, Berako Udalean. 12:00etan “Pies para qué os quiero” antzezlana eskainiko da ikastetxeentzat, kultur etxean. 17:00etan, adin guztietako jendearentzat bizikleta martxa eginen da, kiroldegitik abiatuta, herriko karrika eta industriaguneetan barna. 18:00etan, bizikleta jolasak eginen dira, kiroldegian. Parte hartzaileen artean sariak zozketatuko dira. 19:30ean, kultur etxean, “Ipar gazi, hego geza”, Mikel Bringasen ikus-entzunezkoa ikusi ahal izanen da. Bringasek, Bizibidaia proiektua garatu du, familia-bizikleta bidaia berezia eskaintzen du ikus-entzunezkoan. Bringasek “Euskal Herria bizikletaz” gida-liburua argitaratu du. Ekitaldi guztiak doan izanen dira.