Lesakako Laura Igantzik, Artzain Munduko lagunak dioen bezela, artzain amerikanoak XXgarren mendean Euskal Herriak izan dituen enbajadorerik onenak izan dira, gure izaera eta kultura lau haizetara zabalduz, artzainen eta euskaldunen izena goi mailako lekuan ezarriz.
Bakoitzaren istorioa ezberdina izan arren Euskal herriko artzantzaren historiaren parte bat da. Gipuzkoako Artzain Egunak ere ez ditu ahaztu nahi eta aurten Nafarroako bi artzain, Igantziko Elias Huici eta Lesakako Matias Telletxea omendu ditu. Legazpian egin zen ekitadia irailaren 5ean.
Igantziko Antsolazenbordatik Ameriketara
Elias Huizi, Igantziko Antsolazen Borda-koa 1965ko abenduaren 28an, 41 urte zituenean, Estatu Batuetara joateko hegazkina hartu zuen. Erabaki zaila izan behar zuen Huizik hartutakoa, etxean emaztea, 13 eta 3 urte bitarteko 4 seme-alabekin geratu baitzen. Hau baitzen bizi ziren baserria erosteko aukera bakarra. Estatu Batuetara hiru urteko kontratuarekin joan bazen ere, luzatu eta lau urte igaro zituen hango parejetan. Estatu Batuetan Emeterio Elizondo izan zuen nagusi. Bi mila ardiko artaldea gordetzen zuen, Labri eta Pantxo, txakurren laguntzarekin, etxean berriz, Antsolazen bordan 100 bar ardi gordetzen zituen, bada aldea ezta?. 1969ko ekainak 24an, san Juan egunean, itzuli zen sorterrira familiari etorkizun oparoagoa emateko aukerarekin eta artzain lanean segitu zuen.
Elordiko Matias Telletxea, “Matt artzaina”
Estatu Batuetara joandakoen artean ere baditugu abentura zaleak ere. Hauetako bat Matias Telletxea da. Lesakako Elordi baserrian jaio zen, bainan 11 urte zituenerako etxetik kanpo zebilen, bere bizia ahal zuen bezala ateratzen. Txoferra zen eta ongi irabazten omen zuen, bainan 1955an joan zen Estatu Batuetara eta bertan, Winters eta Fresnon, eman zituen lau urte terdi artzain lanak eginez. Lau urte terdi pasa ondoren herrira itzuli zen eta gaur egun Iruñean bizi da, Ameriketara joan aitzinetik ere andregai zuen Pakita emaztearekin. Beraz, ongi merezitako omenaldia jaso zuten Bortzirietako bi artzainek Legazpian.