Patxi Vila txirrindulari beratarraren gurutzebidea bukatzear dago. 2008ko martxoan, konpetizioz kanpoko kontrol batean testosteronarekin positiboa eman zuen, Lampre taldean seigarren denboraldia betetzen ari zenean.
Bere akatsa onartu zuen, baina arduragabekeriaz jokatu zuela azpimarratu zuen (kutsatutako barrita energetikoa hartu omen zuen) eta ez dopajearen bitartez bere errendimendua hobetzeko asmoarekin. Baina Espaniako Federazioak gogor jokatu zuen eta konpetitu gabe bi urteko zigorra ezarri zion. TAS erakundeak 18 hilabetera jautsi zuen zigorra, asmo txarrik ikusi ez zuelako, eta 2010eko maiatzean berriz ere konpetitzeko baimena jaso zuen Patxi Vilak. Baina Berako txirrindulariak ez zuen talderik topatu. Baina txirrindularitza profesionalean izan ez bazen ere, kirolean segitu zuen Vilak, duatloian, triatloian edo mendi bizikletan emaitza onak lortuz.
Orain, 35 urte betetzekotan dela, aukera berria izanen du, Italiako Ceramica Flaminia taldeak 2011n konpetitzeko aukera eskaini baitio.