Uztail hondarrean egin zen Mendi Bizikleta Jautsierak ez ditu nonbait ase herriko txirrindulazaleak, eta hortaz, igande honetarako, irailak 5, azken urteotan ohiko bihurtu den mendi bizikleta ibilaldia antolatu du Biltoki elkarteak. XX. edizioa izanen da aurtengoa.
Haur nahiz helduek izanen dute ibiltzeko modua. Haurren ibilaldia 09:30ean hasiko da eta helduak 10:00etan abiatuko dira. Hiru bide izanen dituzte aukeran: 15 kilometrokoa, 20koa eta 25ekoa. Orain arte bi izaten ziren, baina aurten bertze bat egitea erabaki dute.
Izen-ematea
Parte hartu nahi duenak, egunean bertan apuntatu beharko du, 09:30 baino lehen. 16 urtetik beheitikoek dohainik izanen dute eta gainerakoek 10 euro ordaindu beharko dituzte. Ibilaldiaren ondotik oparien zozketa eta luntxa izanen dira.