Urrezko Aizkolari Txapeldun Ligako bosgarren saioa igande honetan eginen da Alonsotegin (Bizkaia). Donato Larretxea aranztarrak eta Floren Nazabal etxarriarrak neurtuko dituzte indarrak, gaur egungo aizkora munduan dauden bi kirolari onenetarikoek.
Sei modalitatetan, 20 korte egin beharko ditu aizkolari bakoitzak.
Orain arte jokatu diren kanporaketen ondotik, honela dago Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako sailkapen nagusia: Floren Nazabal da lehena (lau puntu lortu ditu bi kanporaketetan), Anjel Arrospide da hurrengoa (hiru puntu eskuratu ditu bi kanporaketetan), Donato Larretxea da sailkapenean hirugarrena (saio bakarrean bi puntu eskuratu ditu), Jose Mª Olasagasti laugarrena da (bi puntu bi saiotan) eta Juan Jose Lopez Azpilikueta puntu bakarrarekin dago, saio bat jokatu ondotik.