Nafarroako Gobernuak 600.000 euroko bermea onartu du Arantzan landetxe bat egiteko

Ttipi-Ttapa 2010ko ira. 2a, 12:51

Inbertsioa 1.068.814 eurokoa da eta landetxeak 16 lagunentzako zortzi logela izanen lituzke

600.000 euroko bermea eman du Nafarroako Gobernuak, Arantzan landetxe berri bat zabaltzeko. 1.068.814 euroko inbertsioa eginez, zortzi logela eta 16 lagunentzako lekua izanen lukeen landetxea eraikitzeko onartu du. Arantzako herrigunetik lau kilometrora eraiki nahi dute, Aientsa auzoan, eta 80.000 metro koadroko lursailean. Iragarri dutenez, lo egiteko tokiaz gain, ostatua eta gosaria ere eskainiko dira, baita mendi ateraldiak egin ere, eta Donibane Lohizunen itsasontzi ibilaldiak antolatzeko asmoa ere omen dute jabeek.

Bermeak jasotzeko baldintzak

Industrian egin beharreko inbertsioak, nekazaritza elikagaiak eraldatzeko eta merkaturatzeko jarduerak eta enpresa ttiki eta ertainen turismo azpiegiturak sortu eta modernizatzeko jarduerak dira Nafarroako Gobernuaren bermea jaso dezaketenak. 60.000 eta 600.000 euro bitartekoak dira, eta ezin dute proiektuan egin behar den inbertsioaren %60 baino haundiagoak izan. Arantzako kasu honetan berme haundiena eman da.

Bermea jaso ahal izateko, beraz, guttienez 100.000 euroko inbertsioa egin behar da.

Nafarroako Gobernuak 30 milioi euro jarri ditu bermeak emateko eta bermeen gehieneko epea 10 urtekoa da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun