Gibelean utzi dugu udako egunerokoa. Oraindik urte sasoiari akabera emateko aste batzuk gelditzen badira ere, ikasturtearekin batera betikora itzuli gara ia gehienak. Baina ezin aipatu gabe utzi bestak. Aurtengo Amabirjinetan baserritarrei egin zitzaien gorazarre eta Teodoro Pikabea eta Ixidro Etxeberria baserritarren ordezkariek bota zuten Herriko Etxeko balkoitik altxaferoa. Berrikuntzetako bat suziria eguerdian botatzea izan zen. Abuztuaren 13an, Ekaitza Elkarteak eta Gazte Asanbladak antolaturik arratsa izan arren, Amabirjin bezperako eguerdian lehertu ziren bestak. Bertzalde, egitarauari gehiago erreparatuz, Iruñeko erraldoien konpartsa ttikiaren bisita izan genuen. Gainerakoan, egunez zein gauez, egitaraua ederki osatua gelditu zen. Bertze gisa, aurten ez da udal bazkaririk egin bestetan. Krisi egoera dela eta, diru hori bertze gauzetan erabiltzea egokiagoa ikusi du Udalak. Arantza Rock gauak izandako erantzunarekin, berriz, kontent gelditu da Gazte Asanblada.