DATUA 80-100 PARTE-HARTZAILE izan dira azken urteotako Mendi Bizikleta Ibilaldian.
Uztail hondarrean egin zen Mendi Bizikleta Jautsierak ez ditu nonbait ase herriko txirrindulazaleak, eta hortaz, igande honetarako, irailak 5, azken urteotan ohiko bihurtu den mendi bizikleta ibilaldia antolatu du Biltoki elkarteak. Haur nahiz helduek izanen dute ibiltzeko modua.
Haurren ibilaldia 09:30ean hasiko da eta helduak 10:00etan abiatuko dira. Hiru bide izanen dituzte aukeran: 15 kilometrokoa, 20koa eta 25ekoa. Orain arte bi izaten ziren, baina aurten bertze bat egitea erabaki dute.
Izen-ematea egunean bertan egin beharko da, 09:30 baino lehen. 16 urtetik beheitikoek dohainik izanen dute eta gainerakoek 10 euro ordaindu beharko dituzte.
Ibilaldiaren ondotik oparien zozketa eta luntxa izanen dira.
60 LAGUN MENDI BIZIKLETA JAUTSIERAN
Eguraldi beroari gogor eginez, 60 kirolarik parte hartu zuten uztailaren 31ko Mendi Bizikleta Jautsieran. Bi txandatan erabaki zen lehia, eta Xabier Telletxea herritarra sailkapen orokorrean hirugarrena eta 30 urtetik goitikoen mailan lehenbizikoa izan zen. Ez zen, ordea, herritar bakarra izan. Imanol Retegi ere atera zen, eta elite mailako sailkapen orokorrean, 22. gelditu zen. Bere gibeletik Alfonso Iantzi beratarra gelditu zen. Albaro Gonzalez beratarra izan zen junior mailan parte hartu zuen eskualdeko bakarra, eta bere kategorian zazpigarrena eta absolutuan 33. gelditu zen. Master 30 kategorian, bertzalde, Xabier Telletxea izan zen garaile, eta Iñaki Esarte baztandarra hirugarren gelditu zen, eta 12. absolutuan.
Proba hau Euskadiko Openerako puntuagarria izan zen, eta irailaren 25ean Galdakaon (Bizkaia) jokatuko den azken probaren faltan, puntu gehien dituena Telletxea da. Bere kategorian lehen proba izan ezik, denak irabazi ditu.