Jon Irazoki gogoan urtero egiten den memoriala berezia izan da aurtengoan. Izan ere, Genaro Taldeak proposatuta, egun berean Unai Zelaieta Berako futbolaria ere omendu zen, trafiko istripu batean hil zenetik 10 urte bete direlako.
Berako Matzada futbol-zelaian jokatu zen lehia triangularra larunbatean eta Berako Gure Txokoa eta Lesakako Beti Gazteko talde nagusiak eta Realeko jubenilak aritu ziren jokoan.
Beti Gazte eta Gure Txokoaren arteko partidarekin hasi zen arratsaldeko lehia. Honetan etxekoek 2-1 irabazi zuten. Lesakarrak goizean Irungo Real Unionen kontra partida jokatua zuten eta nekea antzeman zuten. Bigarren partida, Reala eta Beti Gaztek jokatu zuten eta 2-1eko markagailuarekin donostiarren aldera joan zen garaipena. Azkeneko lehian erabaki zen garaipena. Reala eta Gure Txokoaren arteko partida Gipuzkoako taldeak irabazi zuen. Beraz, bi partida irabazita, Realeko jubenilak nagusitu ziren.