Jon Irazoki gogoan urtero egiten den memoriala berezia izanen da aurtengoan. Izan ere, Genaro Taldeak proposatuta, egun berean Unai Zelaieta Berako futbolaria ere omenduko da, istripu batean hil zenetik 10 urtera. Larunbat honetan, abuztuak 28, jokatuko da lehia triangularra Berako Matzada futbol-zelaian. Gure Txokoa eta Beti Gazteko talde nagusiak eta Realeko jubenilak ariko dira aurrez-aurre XV. edizioa duen memorial honetan. 17:00etan hasiko da.
Gure Txokoako jokalariak
Jon Irazoki eta Unai Zelaieta Gure Txokoako jokalari ohiak izan ziren eta biak trafiko istripuz zendu ziren. Zelaieta, ordea, hil zenean Realeko defentsa zentrala zen eta jubenil mailako kapitaina. Sanserekin entrenatzen eta jokatzen hasia zen.
Aurten, Zelaietaren heriotzaren 10. urteurrena zela-eta, Genaro Taldeak eta Gure Txokoa elkarteak omenaldi bat egin nahi izan diote futbol-partida bat antolatuz, eta hori Jon Irazoki Memorialarekin batera egitea erabaki da. Bide batez, Genaro Taldeak eskerrak eman nahi izan dizkie Gure Txokoari eta Jon Irazokiren familiari memoriala eta omenaldia batera egiteko aukera emateagatik.