Bi kamioien arteko istripuagatik 5 orduz itxita egon ondotik, trafikora zabaldu dute Beratik Ibardinerako errepidea

Ttipi-Ttapa 2010eko abuztuaren 24a

Istripuan zaurituta suertatu den kamioi gidariak 'pronostiko erreserbatuko' zauriak ditu

Gaur goizeko hamarrak pasatuxe istripu larria gertatu da (NA-1310) Bera-Ibardin errepideko 4. puntu kilometrikoan. Bi kamioik elkar jo dute eta gidarietako bat ibilgailu barrenean ezin atera gelditu da kabinaren barnean hanka harrapatuta zuelako. Ordubete baino gehiago behar izan dute gidaria ateratzeko.

Bi kamioik elkar jo dute gaur 10:00 aldera, Beratik Ibardinera doan NA-1310 errepideko 4. puntu kilometrikoan. Istripuaren ondorioz, kamioi-gidarietako bat ibilgailu barrenean gelditu da hanka bat harrapatuta atera ezinik eta suhiltzaileek ordubete baino gehiago behar izan dute gidaria ateratzeko.

Salbamendu lanetan Nafarroako Gobernuko suhiltzaileak eta Berako sendagile talde bat aritu dira. Ordu bateko lanaren ondotik, anbulantzia batek Irungo Ospitale Komarkalera eraman du zauritua. Zaurituak 'pronostiko erreserbatuko' zauriak ditu.

Istripuak hala behartuta, errepidea itxi behar izan dute 5 orduz eta, arratsaldeko hiruak pasatuxe, bi kamioiak trabatik kendu dituztenean, ireki da trafikora errepidea. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun