Azken hilabeteak burubelarri prestaketa lanetan pasatu ondotik, bestak antolatzeko lan gehiena egina dagoela topatu dugu Aitor Telletxea kultur zinegotzia. Egitarauan bi aldaketa nabarmendu dizkigu: “Alde batetik, Haurren Egunean Iruñeko Erraldoien Konpartsa etorriko da. Eta bertzetik, normalean arratsalde-ilunabarrean hasi izan dira bestak, eta aurten larunbat eguerdian hasiko dira”. Aurrekontua murrizteko asmoa da bestak eguerdian hastearen arrazoia. “Bertze urteetan bortz egun izaten dira, abuztuaren 14ko ilunabarrean hasita. Baina aurten, aurrekontua murrizte aldera, eguerditik hasi eta lau egun osorik egitea pentsatu genuen”, azaldu digu. “Lehen bortz egun ez ziren osoak, eta orain lau osoak izanen dira”. Aurrekontuan ere beherakada nabarmena egin du Arantzako Udalak: 4.000-5.000 euro inguru murriztu ditu. Aitorrek aipatu digunez,“joan den urtean 20.000 eurokoa genuen eta aurten 15.000 eurotan sartuko garela pentsatzen dut”. Eta helburu horrekin kendu dute urtero egin ohi zen udaletxeko bazkaria ere. Dena den, Udalaren nahia lau eguneko bestak antolatzea bazen ere, txupinazo eguna baino lehenagotik eta egitarauko azken eguna pasatu ondotik ere, izanen da mugimendua herrian. Izan ere, “Gazte Asanbladak ortziralean, abuztuak 13, musika-taldea paratuko du, eta Ekaitza Elkartean afaria ere izanen da”. Gainera, abuztuaren 21ean, Arantza Rock 2010 eginen da. Aurrekontu murriztuarekin, baina besta egun aunitz, beraz.