Larunbat honetan eginen da Arantza Rock 2010 jaialdia

Ttipi-Ttapa 2010eko abuztuaren 20a

Joan den urteko Arantza Rock-en, Esne Beltza taldeak plaza jendez bete zuen.

Errugabe, Bad Sound System, Vendetta eta Ze Esatek! taldeek joko dute

Arantzako Gazte Asanbladak antolatuta, Arantza Rock 2010 jaialdian Errugabe, Bad Sound System, Vendetta eta Ze Esatek! taldeek joko dute. 23:00etan hasiko dira kontzertuak, baina ilunabarretik nabarituko da mugimendua. 19:00etan poteoa eginen da karrikaz karrika, eta horrez gain, gau guztian, pintxoak, bokatak, Gazte Tonbola eta txosna egonen dira.

Bertze urte batez, Arantza Rock jaialdia antolatu du Arantzako Gazte Asanbladak. Larunbat honetan, abuztuak 21, eginen da, bestak akautu eta hurrengo larunbatean. Ohi bezala arratseko kontzertuak izanen dira eguneko ekitaldi nagusiak eta aurtengoan Errugabe (Doneztebe eta Amaiurko taldea), Bad Sound System (Irun aldekoa), Vendetta (Iruñea) eta Ze esatek! (Gipuzkoa) musika taldeak gonbidatu dituzte. Euren doinuak nagusituko dira 23:00etatik aitzinera plazan.

Lehenagotik, 19:00 aldera, karrikaz karrika poteoa izanen da, eta arrats guztian pintxoak, bokatak, Gazte Tonbola, txosna eta abar izanen dira. Jatekoa, aldi honetan, Guraso Elkarteak eskainiko du.

Aurtengo edizioko metxeroak eta kamisetak ere salgai daude azken asteotan, eta Arantza Rock 2010 egunean ere izanen da erosteko aukera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun