Euskal Herriko lasto altxatze txapelketa jokatuko da igande arratsaldean Etxalarren

Aitor Arotzena 2010ko abu. 13a, 11:42

Euskal Herriko lasto altxatzailerik onenak Etxalarren izanen dira igandean. TTIPI TTAPA

Arantzan, berriz, Nafarroako Herriz Herri txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da larunbatean

Euskal Herriko lasto altxatze txapelketa jokatuko da abuztuaren 15ean, igandean 18:30ean Etxalarren. Hameka kirolari ariko dira lehian, tartean Igantziko Iñaki Bereau, Karlos Sein eta Xabi Sein izanen dira eskualdeko eta Nafarroako ordezkariak. Larunbatean, Nafarroako Herriz Herri txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da Arantzan.www.herrikirolaknafarroa.org/

Euskal Herriko lasto altxatze txapelketa jokatuko da abuztuaren 15ean, igandean 18:30ean Etxalarren. Hameka kirolari ariko dira lehian, tartean Igantziko Iñaki Bereau, Karlos Sein eta Xabi Sein izanen dira eskualdeko eta Nafarroako ordezkariak. Beraiekin batera Bizkaiako Jose Mari Atutxa, Jon Lapazaran,  Jose Martin Bustinza “Tubi”, Unai Ardeo eta Beñat Amade, Arabako Jose Lauzurika, Zuberoko Guillaume Tellagorri eta Lapurdiko Philippe Salaberri ariko dira lehian. Kirolari bakoitzak 45 kiloko lasto fardoa ahalik eta gehien altxatu beharko du bi minutuz, polea 7 metrora jarria dutela.

 

Bertze aldetik, Herriz Herri txapelketako bigarren jardunaldia ere jokatuko da abuztuaren 14an, larunbatean 19:00etan Arantzan. Aurtengo Herriz Herri txapelketan Berriozar, Ultzama, Bera eta Baztango Basaburua taldeak ari dira bi proba konbinatuan. Lehenbiziko proba konbinatuan, koxkor biltzen, zaku lasterketan, korrika eta arpanan aritzen dira kirolariak eta bigarren proba konbinatuan, edo Hiru Kirol delakoan, indar jokoak egiten dituzte, lasto botatzea, txinga eramatea eta ingude altxatzea.

Beran jokatu zen lehen jardunaldian Berako taldea nagusitu zen bi proba konbinatuetan. Txapelketari buruzko informazio guztia www.herrikirolaknafarroa.org webgunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun