Bordondantza eta Makildantzez gain, bandera ere dantzatu dute Berako San Esteban egun handian

Aitor Arotzena 2010eko abuztuaren 3a

Rafa Etxeberria bandera dantzatzen, elizara begira. Aitor Arotzena

Joan den urtean hartutako ohiturari eutsiz, Rafa Etxeberria zinegotziak astindu du herriko ikurra

Joan den urtean hartutako ohiturari eutsiz, Rafa Etxeberria zinegotziak banderaren dantza egin du aurten ere Berako bestetan, San Esteban egun handian. Meza ondotik, Berako folklorean berrikuntza egin zuten iaz, eta aurten ere, eguraldiaren gorabeherak zalantzan jarri badute ere, eguzkipean dantzatu dute. Gero, Bordondantza eta Makildantzak ere dantzatu dituzte dantzariek.

Joan den urtean hartutako ohiturari eutsiz, Rafa Etxeberria zinegotziak banderaren dantza egin du aurten ere Berako bestetan, San Esteban egun handian. Meza ondotik, Berako folklorean berrikuntza egin zuten iaz, eta aurten ere, eguraldiaren gorabeherak zalantzan jarri badute ere, eguzkipean dantzatu dute.

Baina San Esteban eguneko ekitaldiak goizetik hasiak ziren, txistularien argisoinuarekin. 10:30an punttu punttuan Udalbatza, txistulariak eta makil dantzariak, Berako bandera aitzinean zutela, Herriko Etxetik San Esteban elizarako ibilbide laburra egin zuten, San Estebanen ohoretan eta Berako Abesbatzak lagundurik eman den Meza Nagusia aditzera. Fátima Gonzalez Burgeteren zuzendaritzapean, zoragarri abestu du bertze behin Berako Abesbatzak. Meza baino lehen aurreskua dantzatu dute aldarean bi dantzarik.

Meza ondotik, berriz ere Herriko Etxera joan dira dantzariak eta udal ordezkariak, baina bandera balkoira igo baino lehen dantzatu du Etxeberriak banderaren dantza. Joan den urtera arte, Bestaberri edo Korpus egunean dantzatu da beti bandera, Herriko Etxeko Plazan, Foru Plazan, Altzateko Plazan eta Altzate karrikan, Maritx etxearen parean. Aurten ere, Rafa Etxeberriak dantzatu du bandera. Dantzariek inguratua eta Marisol Taberna alabarderoa eta Julia Artieda Vila neska ttikia paje lanak betetzen zituela, baita Aimar Etxeberria bere iloba ere laguntzaile gisara, elizari begira egin du dantza laburra, beratarren txalo zaparrada hartuz.

Segidan, Gure Txokoa dantza taldeko nagusiek Bordondantza dantzatu dute, txistularien aginduetara, Iñaki Eskudero aitzinean zutela. Berekin batera, Iñigo Erkizia, Xabier Altzuri, Mikel Goienetxe, Mikel Agara, Ibai Iturria, Jon Irazoki, Imanol Moreno, Julen Baleztena, Patxi Castillo, Mikel Morcillo, Iñaki Eskudero, Iñigo Arana, Asier Andueza, Javier Pikabeak eta Ibon Erdozainek dantzatu dute. Azken bi hauek, 15 urterekin, lehenbiziko aldiz aritu dira goizez, iazkoan arratsaldeko Aurreskuan trebatu ondotik.

Iñaki Eskuderok aipatu digunez, “gogorra izaten da Bordondantza, batez ere aitzinekoak talde guzitik tiratu behar delako eta dantza aitzinera doan neurrian, denek gehixeago tiratzen dutelako”. Bihar 23 urte beteko dituen dantzariak aipatu digunez, “lehen beti dantzari bera izaten zen aitzinean, baina azkeneko urteetan aldatzen joan gara, esperientzia gehien dugunon artean. Denak adintsukoak gara, eta uste dut nere adineko guziak pasatu garela, beraz, heldu den urtean gaztexeago bat izanen da aitzinean”. Ttikitatik dakizkiten dantzak direnez, ez dute aparteko entseiurik egin behar izaten.

Bordondantzen ondotik, Berako Makildantzen txanda dator. Aurten talde guziek batera egin dute, bai helduek, baita ttikienek ere. Guzira, 40 dantzari baino gehiago. Hamar makildantza egiten dira Beran, tartean Mitzeltene, Mutildantza, Hiru Txito eta zagidantza izenekoak. Txalo zaparrada ederra jaso dute, batez ere goizean egin duen euriarengatik bustia zegoelako zola eta espartzinak bustiekin eta bakarren bat espartzinik gabe bukatu baitute dantzaldia.

Segidan, Andoni Egaña eta Sebastian Lizasok bertso saioa eskaini dute Berako Herriko Etxeko balkoitik.

 

Arratsaldean Aurreskua

San Estebanetan beti berezia izaten den bazkariaren ondotik, arratsaldeko dantzen txanda izanen da. Aitzinetik, 17:00etan Ezpelur taldeko gaiteroek San Jose Zahar Etxean joko dute. Gero, Gure Txokoako dantzariek Aurreskua dantzatuko dute Herriko Etxeko plazan. Goizekoez gain, Ander Rodriguez ere ariko da arratsaldean. Aurten Imanol Moreno eta Iñigo Arana izanen dira mutilen kapitainak. Arratsaldeko dantzetan neskek ere parte hartzen dute: Leire Barrutia, Amaia Izquierdo, Ainara Velez, Ixone Telletxea, Amaia Espinosa, Gurutze Andueza, Estibaliz Sanchez, Izaskun Zubieta, Ainhoa Lanz, Ainhoa Retegi, Idoia Irazoki, Aitziber Esnaola eta aurten lehen aldiz dantzatuko duten Maddalen Jimenez, Izaskun Agara eta Eila Sagastibeltza. Leire Barrutia eta Ixone Telletxea izanen dira aurten nesken kapitain. Neska kapitainetako batek ardura berezia izaten du San Esteban egunean, bere etxean hartzen baitute neska dantzariek eta mutilen bi kapitainek bazkalondoko kafea. Beraien gurasoentzat lana ere bada, baina ohore handia batez ere. Gero, etxe horretatik kalejiran joaten dira dantzariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun