Berako Savera lantegiko Langileen Batzordeko ordezkariek eta ELAko ordezkariek prentsaurrea eskaini zuten ortziralean Iruñean, lantegiaren egoeraren berri emateko eta Nafarroako Gobernuak aferan jokatu duen “paper trixtea” salatzeko. Saverako Manuel Moncayola, Manuel Agirre eta Fermin Esnaolarekin batera, ELA-Nafarroako Jokin Arbea eta ELA-Oarso Bidasoako Jose Luis Vidal izan ziren prentsaurrean.
Nafarroako Gobernuak berriki baimendu dituen 46 kaleratzeez gain, azken aldian enpresak “kontratu ebentuala zuten bertze 31 langile ere kaleratu dituela” gogoratu zuten. Saverak Gasteiz eta Iruñeko Gobernuetatik dirulaguntza handiak hartu dituela aipatu zuten, “baina inoiz ez dute Berako lantegian inbertsiorik egin, alderantziz baizik, Berako lantegiaren kontra jokatzeko erabili da”.
Langileen ordezkarien ustez, Savera Groupek deslokalizazio prozesuari ekin dio, “nafar guzien zergen kontura bizi diren Nafarroako instituzio eta kargu politikoen babesarekin, eta horrek lotsa ematen digu”.
Oraingo 46 langileen kaleratzeak, eta azken aldian egin diren bertze 31 langile ebentualena, ez duela batere proportziorik gordetzen uste dute langileek, “produkzioa %16 jautsi bada, langile kopurua kasik erdira murriztu baita”. Modu berean, 2009an Savera Groupek 1.224.900 euroko irabaziak izan zituela aipatu zuten. “Irabazi horiek Berak egindako produktuak eginez eta salduz lortu dira, baina oraindik irabazi gehiago nahi dituzte, produktua Txinan egin eta hemengo etiketa jarriz”. Gisa horretara egindako igogailu-giden argazkiak ere erakutsi zituzten prentsaurrean.
Saverako langileek ekainaren 16an abiatutako mugagabeko grebarekin segitzeko intentzioa erakutsi zuten, “Berako lantegiari estabilitatea eta bermea eskainiko dion Plan Industriala aurkeztu bitartean”.
Bera, Arantza eta Etxalarko alkateen babesa
Bertze aldetik, Bera, Arantza eta Etxalarko alkateek bere babesa adierazi diote Saverako langileei eta "Espainiar legebiltzarreko lan batzordean lan erreformaren lege proiektua martxan jartzeko eztabaidan ari diren bitartean Nafarroa berau martxan dago iada, Bortzirietan behinipein” adierazi dute.