Donato Larretxeak piztutako suziriak hasiera eman die Berako San Esteban bestei. Sei eguneko ospakizunak abiatu dira, baina Saverako langileek beraien egoeraren berri ere eman zuten, “Savera recibe dinero para despedir al obrero”, “56 familia etorkizunik gabe” edo “Sarraskia Beran, erruduna Nafarroako Gobernua, Savera 46, Funvera 47” zioten pankartekin. Gazte Asanbladako gazteek ere “Gora besta herrikoi, partehartzaile, parekide eta askeak, Utzi gazteria bakean!” zioten pankarta atera zuten.
Donato Larretxeak eskerrak eman zizkion Berako Udalari, berez joan den urtea baitzegokion txupinazoa piztea, baina aitaginarrebaren heriotzak urtebete gibeleratu eginkizuna. 30 urte Beran bizitzen daramazkin Larretxeak plazagizona dela erakutsi zuen:“Ez nengoen batere urduri –zioen aizkolariak–, niri diskurtsoak botatzea kostatzen zait, baina bi solas erran eta suziriari sua emateko ez dut arazorik. Gainera duela urte batzuk Arantzan ere txupinazoa bota nuen, hortaz badut esperientzia”.
San Esteban egunean familiko bazkaria izanen badu ere, beti ere zaindu beharko duela gogoratu zuen: “Asteazkenean saioa izanen dut Oiartzunen, biharamonean Gasteizen… ezin dut gauez sobera ateri, bertzenaz gero enborrak gogorrak izaten dira”.
Erraldoi berriak
Txupinazoa baino lehen, Berako erraldoi berriak aurkeztu zituen Jon Abrilek. Aitzinekoak 1950-1960 hamarkadakoak ziren eta oraingo pertsonaiak lehiaketa bidez aukeratu dira. Horietako bi, klasikoak dira: Berako Makildantzaria eta Poxpolina, orain artekoak ordezkatzen dituztela erraten ahal da. Bertze biak, berriz, mitologiako pertsonaiak dira: Larungo jentila eta Lamixeneko Lamia.
Txupinazoa baino lehen erraldoi zaharrekin azken aldiz dantzatu zuen Carlos Pacheco, Mikel Biurrarena, Antton Rodriguez, Andoni Andueza eta Fernando Artiedak osatzen duen konpartsak, Ezpelur gaiteroen doinuekin. Txupinazoaren ondotik, erraldoi berriak dantzatu zituzten.
Segidan, erraldoiak, buruhandiak, Ezpelur taldeko gaiteroak eta Izadi txarangak gidatuta, jendetza kalejiran joan zen Herriko Etxeko Plazatik Altzatera.
17:00etan Izadi Txarangak San Jose zahar etxean joko du. 18:00etan Kukaña izanen da Illekuetan, Izadi Txarangak alaiturik. 19:00etan Berako txistularien kalejira. Illekuetatik San Esteban Elizaraino. 19:00etan Txosna idekiera Altzateko plazan. Gaztexteban Igoera. Aurresku herrikoia. Jokoak. Txistorra jatea. 20:00etan Gure Txokoa Dantza Taldearen jaialdia Eztegara pilotalekuan. Gauerdian hasita Dantzaldia Triki Ta Ke taldearen eskutik Altzateko plazan. Deskantsuan pixontzi jokoak txosnetan. Egunean zehar, Izadi Txaranga ariko da karrikaz karrika.
San Esteban eguna asteartean
Egun handia asteartean Abuztuaren 3an, asteartean, San Esteban egun handia ospatuko dute Beran.
09:30ean Herriko txistulariek argisoinua joko dute; Ezpelur gaiteroek herrian barna joko dute. 10:30ean udalbatza, txistulariak, makil dantzariak eta Berako bandera aitzinean dutela, Herriko Etxetik San Esteban elizara abiatuko dira, Esteban Donearen ohoretan eta Berako abesbatzak lagundurik emanen den Meza Nagusia aditzera. Meza ondotik, Gure Txokoa Dantza Taldeko kideek Berako Makil dantzak eta Bordon dantza dantzatuko dute txistularien laguntzaz. Gero Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariek kantatuko dute. 13:00etan Ezpelur gaiteroek joko dute. 17:00etan Ezpelur gaiteroek San Jose zahar etxean joko dute. 18:00etan Gure Txokoa Dantza Taldeak Berako Aurreskua dantzatuko du Herriko Etxeko plazan txistularien laguntzaz. Gero Berako Musika Bandaren kontzertua herriko etxeko plazan. 19:30ean Laiotz taldearekin dantzaldia Altzateko plazan. 21:00etan Dantza herrikoiak Altzateko karrikan (fandangoa, arin-arina, Larrain dantza,…) gaiteroen laguntzarekin. Gauerdian hasita dantzaldia Laiotz taldearekin Altzateko plazan. Deskantsuan makil dantza herrikoiak txosnetan. Egunean zehar, Izadi Txaranga ariko da karrikaz karrika.
Asteazkenean haurrak protagonista
Abuztuaren 4an, asteazken goizeko 09:00etan Irats taldeko trikitilariak Dornakun ibiliko dira, eta Ezpelur gaiteroak Zalain auzoan. 11:30ean Berako igerilekuan haur eta gazteentzat XXIII. Igeriketa Txapelketa antolatu du Gure Txokoa Elkarteak. 13:00etan Kukaña izanen da, Izadi Txarangak alaiturik. 14:00etan Gaztetxe Bazkaria Kaxerna Gaztetxean (Sarrerak Kataku eta Errekalden salgai) Sarrera: 10 euro. 18:00etan Irats Trikitilariek San Jose zahar etxean joko dute. Ordu berean, pilotari profesionalen arteko pilota partidak Eztegara pilotalekuan. Aspeko punta-puntako pilotariak. Sarrera: 25 euro. Salgai Puri-enean. Altzateko Plazan, berriz, haurrentzako ikuskizuna izanen da ordu berean. Zirika Zirkus taldearen “Ilargian” antzeslana. 19:30ean Migattuak izanen dira Herriko Etxeko plazan Izadi Txarangarekin. 21:00etan Dantza herrikoiak Ezpelur Gaiteroekin Altzateko karrikan. 23:00etan Kontzertuak: Amets ilunak (Bera), Sutan (Elizondo) eta Bad Sound System (Irun). Antolatzailea: Berako Gazte Asanblada. Deskantsuan arroltze dantzak txosnetan. Egunean zehar, Izadi Txaranga ariko da karrikaz karrika.
Ortzegunean Euskal Besta
Abuztuaren 5eko ospakizunak, Euskal Besta izenarekin bataiatu dituzte Beran. 09:00etan Irats trikitilariak Suspelan ariko dira, eta Ezpelur gaiteroak Kaule auzoan. 10:30ean Plater tiroa izanen da, ehiza ibilaldia modalitatean beratarrentzat. Ondotik txistorra jatea denentzat. Antolatzailea: Berako Ehiza eta Arrantza Elkartea. 11:00etatik 13:30era Puzgarriak izanen dira Eztegara pilotalekuan. 12:30ean erraldoiak eta buruhandiak Ezpelur gaiteroen laguntzarekin ibiliko dira Altzaten barna. 13:00etan Kukaña, Illekuetan. 14:00etan Kantu bazkaria antolatu du Labiaga ikastolak Altzateko pilotalekuan. 16:00etatik 18:30 berriz ere puzgarriak izanen dira Eztegara pilotalekuan. 17:00etan Izadi Txarangak San Jose zahar etxean joko du. 18:00etan Kukaña, Illekuetan. 19:30ean Migattuak Herriko Etxeko plazan, Izadi Txarangak alaiturik. 21:00etan Dantza herrikoiak dantzatuko dira Ezpelur gaiteroekin Altzateko karrikan. Ondotik Suzko zezena aterako da Altzateko karrikan. Gauerdian hasita, Saltoka taldea ariko da Altzateko plazan. Deskantsuan entzierroa izanen da txosnetan. Egunean zehar, Izadi Txaranga ariko da karrikaz karrika.
Herri bazkaria ortziralean
Abuztuaren 6an, ortziralean, 09:00etan Irats trikitilariak eta Ezpelur gaiteroak izanen dira Garaitarreta eta Suspel-ttiki auzoetan.10:30ean herriko pilotarien arteko pilota partidak antolatu ditu Gure Txokoak, benjamin, alebin, infantil eta helduen kategorian. 12:00etan Erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira, Altzatetik Herriko etxera, Izadi Txarangak lagunduta. 14:30 Herri Bazkaria izanen da Altzateko frontoian. 17:00etan Ezpelur gaiteroek San Jose zahar etxean joko dute. Ondotik Kukaña, Illekuetan. Herri bazkariaren ondotik jokoak eta karaokea Altzateko plazan. 18:00etan Jazz dantzak izanen dira Eztegara pilotalekuan. 19:00etan Sexty Sexers taldeak kontzertua eskainiko du txosnetan, Berako Gazte Asanbladak antolatutako ekitaldian. 20:30ean Katiuska jaurtiketa antolatu du Berako Gazte Asanbladak kukañako zubian. 21:00etan Dantza herrikoiak izanen dira Ezpelur gaiteroekin, Altzateko karrikan. Ondotik Suzko zezena aterako da Altzateko karrikan. Gauerdian hasita, dantzaldia Jalisko taldearekin Altzateko Plazan. 00:00etatik 03:00etara Alkoholimetro postua Altzateko plazan. Antolatzailea: Berako Udaleko drogen mendekotasunari aurre egiteko plana – Askagintza. Egunean zehar, Izadi Txaranga ariko da karrikaz karrika.
Larunbata hondar eguna
11:00etatik 13:00etara Pottokak jarri ditu Agerran Larun Haizpe elkarteak eta txistorra jatea ere izanen da, Larun Haizpe eta Agerra Mendi taldearen eskutik. 12:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 18:30era Abentura ekintzen erakustaldia izanen da Altzateko parkean: Segwayak, paintball, gynkana… Auzoaextremen eskutik. Argibide gehiago: www.auzoaextreme.com. 18:00etan Haurrendako jokoak antolatu ditu Berako Gazte Asanbladak Altzateko plazan. 18:30ean Euskal errepresaliatu politikoekiko elkartasun Kalejira aterako da Mukixu Zubitik Altzatera eta senitartekoen omenaldi elkarretaratzea Altzateko plazan. 20:00etan Areto dantzak Eztegara pilotalekuan eta ordu berean bertso triki poteoa abiatuko da Errekaldetik, Beñat Gaztelumendi eta Julen Zelaieta bertsolariekin. Trikitilariak eta pandero jotzaileak Musika Eskolako ikasleak izanen dira. Antolatzailea: Bortzirietako Bertso Eskola Laguntzailea: Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskola. 23:00etan Kontzertuak: Xutik eta Dj. Gotxi. 00:00etan Gaztexteban Jautsiera (Gizajoa ni). Deskantsuan aulki jokoak txosnetan. Egunean zehar, Izadi Txaranga ariko da karrikaz karrika.