Berako Herri Kirol Taldea nagusitu zen igandean Beran jokatu zen Herriz Herri txapelketako lehen proban.
Berakoekin batera, Berriozar, Ultzama eta Baztango Basaburua ari dira aurten bi proba konbinatuan. Lehenengo proba konbinatuan koxkor biltzen, zaku lasterketa, korrika eta arpanan aritzen dira eta bigarren proba konbinatuan lasto botatzen, txinga-eramaten eta ingude altxatzen. Bietan Berako taldea nagusitu zen.
Lehenbiziko konbinatuan, Iñaki Irazoki eta Andoni Lasaga koxkor biltzen, Mikel Jaurena eta Mikel Aranibar zakulariak, Julen Errandonea korrikalaria eta Igor Lasaga eta Javier Galarregi arpanlariak aritu ziren eta 19 minutu, 23 segundu eta 61 zentesima behar izan zituzten lana bukatzeko. Bigarren posturako lehia estua izan zuten Berriozarrek eta Basaburuak, baina azkenean Iruñerrikoak bi segundurengatik nagusitu ziren (20:18.59) Baztangoen aitzinetik (20:20.90). Basaburuarekin Xabier Danboriena eta Unai Iantzi aritu ziren koxkor biltzen, Iñaki Iantzi eta Egoitz Prim zakuekin, Mikel Iantzi korrikalari eta Andoni Irigoien eta Julen Txoperena igantziarra arpanean. Laugarren postuan Ultzama sailkatu zen (21:03.00)
Bigarren proba konbinatuan ere eskualdeko ordezkariak bikain ibili ziren eta Berak lortu zuen lehen postuko lau pntuak. Javier Galarregi etxalartarra aritu zen lasto botatzen, Joseba Petrirena txinga eramaten eta Ander Mitxelena ingudearekin. Bigarren postua Basaburuarentzat izan zen. Baztango taldearekin Xabi Sein igantziarra aritu zen lasto botatzen, Andoni Irigoien txinga eramaten eta Carlos Sein igantziarra ingudearekin. Hirugarren postua Berriozarrek eskuratu zuen eta Ultzamak laugarrena.
Hurrengo saioak
Herriz Herri txapelketako hurrengo saioak Arantzan abuztuaren 14an eta Elizondon abuztuaren 21ean jokatuko dira eta finala abuztuaren 28an izanen da Berriozarren. Finalean, lehen proba konbinatuan lehen hiru sailkatuak ariko dira eta bigarren proba konbinatuan talde guziak.