Berako San Esteban besten aurrekontuak murrizketa handia izanen du aurten, “bertze hainbat arlotan egin behar izan dugun bezala, %35era jautsi behar izan dugu bestetara bideratutako diru-saila ere. Joan den urtean 75.000 euro inguruko aurrekontua izan genuen eta aurten 42.000 eurora jautsi da” jakinarazi digu Josu Iratzoki alkateak. “Ahal zen tokian murrizketa ttiki batzuk egin dira: migattuak egun baten kendu dira, musikarien prezioak ere estutu ditugu, su-artifizialik ez da izanen aurten, gastu kozkorra zutelako, Herriko Etxeko bazkari ofiziala ere kendu da, pilota partidatan ere pixko bat jautsi da… Pilotari onak izanen dira aurten ere, baina joan den urtearekin konparatuta merkeago etorriko dira…“. Baina murrizketa horiek ez du eraginik izanen besta egun kopuruan. Alkateak aipatu digunez, “lehenbiziko bileretan lau eguneko bestak egiteko aukera aztertu genuen, astelehenetik ortzegunera, astebururik hartu gabe eta horrek jendea mugiarazi zuen, hurrengo bileran Herriko Etxeko pleno aretoa jendez gainezka zegoen, proposamen berriak izan ziren eta zenbait taldek eta elkartek bere gain hartu dituzte ekitaldi batzuk”. Iratzokiren ustez. “aurrekontuan galdu duguna herritarren partehartzean irabazi dugu, ostatuek, gazteek eta bertze taldeek diru guttirekin egiten ahal diren gauzak proposatu dituzte, alde horretatik ongi etorri da. Erraten da dirua falta denean imaginazioa gehiago lantzen dela eta aurten beratarrek hori erakutsi dute”. Joan den urtean Donato Larretxeak bota behar zuen txupinazoa, baina aitaginarreba bezperan hil zenez, Rora Mary Errandoneak izan zuen ardura hori. Alkateak aipatu digunez, joan den urtekoa berreskuratu eta Arantzan sortu arren aspaldian Beran bizi den aizkolari handiak piztuko du bestak abiaraziko dituen lehen suziria.
Azkenean, krisiak krisi, kasik hamar eguneko bestak plantatu dituzte Beran. Tartean, aldaketa batzuk ere badira egitarauan. Honela, ortzegunean Altzateko pilotalekuan eginen den Kantu Bazkariaren aitzakian, Euskal Besta eguna izanen da edo igandean, Larun Haizpe elkarteak, Auzoa Extremek, bertso eskolak, musika eskolak edo Gazte Asanbladak, bertze taldeen artean, egun guziko egitaraua osatu dute.
Azken xehetasunak lotzen ari dira orain Beran San Esteban bestak ahal bezain ongi atera daitezen. Joan den urtean bezala, abuztuaren 6an egiten den herri bazkarian lanean aritzeko laguntzaileak eskatu dituzte Kultur Batzordetik. Izen-ematea uztailaren 25a arte egiten ahal da, 948 631222 telefonora deituz, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Izen-abizena eta telefonoa jakinaraztea ezinbertzekoa da eta telefonoa ez badute hartzen, mezua erantzugailuan uzten ahal da. Kultur Batzordearen idatziak dioenez, “bestetan urtero egiten den Herri Bazkaria egin ahal izateko denon laguntza behar izaten da lan haundia dagoelako... Aurten ere Herri Bazkaria nahi baduzu... Parte hartu!”.