“Bartzelonan gustura nago, baina 7 urte daramatzat etxetik kanpo eta bueltatzea gustatuko litzaidake”

TTIPI-TTAPA 2010ko uzt. 22a, 15:59

Ane Bergara, Erreginaren Kopa irabazi zutenean Utzitako argazkia

Berako bestak 2010

Bartzelonako Espanyol futbol taldean bosgarren denboraldia bete du Ane Bergara beratarrak. “Hagitz gustura nago, urte zailak egon dira baina azken denboraldiarekin hagitz konten nago. Aspaldian ez dut selekzioaren deialdirik jaso, baina taldearekin lan ona egiten segitzen badut deialdia jasotzeko aukera gehiago izango ditut” dio Anek. Izan ere, aur­ten hagitz denboraldi ona osatu du taldeak. Liga ez zuen eskuratzerik izan, finalean Rayoren kontra galduta. “Aurten ligaren formatua ezberdina izan da. Denboraldi osoan lehen postuan egon da taldea baina azkenean txapelduna joan-etorriko eliminatoria batean erabakitzen zen lehen bi sailka­tuen artean. Liga bukatzeko 4 partidu falta zirenean finalerako txartela lortu genuen eta bi partida gelditzen zirenean Rayo Vallecanok eskuratu zuen txartela. Lehen postuan gelditu ginenez lehen partidua madriden jokatu genuen (1-0 galdu genuen) eta itzuleko partidua gure etxean izan zen (1-1). Irabazteko aukerak izan genituen baino Rayo talde indartsua da eta beraien etxera joan zen txapelketa eta hurrengo urtean Txapeldunen Liga jokatzeko aukera” adie­razi digu Berakoak.
Baina Erreginaren Kopa eskuratu zuen, Vallecasko taldeari errebantxa hartuz: “Liga galdu eta hu­rrengo astean kopa hasten zen  –dio beratarrak– eta Zaragozari irabazi behar genion Basauriko “Final four”-era iritsi nahi bagenuen. Joaneko (4-2) eta itzulerako (3-1) partiduak irabazi genituen. Final erdietan Barcelonaren aurka garaipen (1-0) gogorra lortu genuen. Finalean Ligan bezala Rayoren aurka jokatu behar genuen eta bertan bai garaipena lortu ahal izan genuen, 3-1eko emaitzarekin. Nik sartu nuen markagailua irekitzen zuen gola baina talde guztiak lan hagitz ongi egin zuen”. Taldea­rentzat ez ezik, bere­tzat ere denboraldi bikaina izan da, nahiz eta lesioren bat ere izan duen tartean. “Pertsonalki denboraldi ona izan da. Denboraldia maila onean hasi nuen baina Abendu aldera, entrenamendu batean belaunean min egin nuen eta 2 hilabete inguru egon nintzen jokatu ezinik. Rekuperatu nintzenean, maila fisikoa rekupera­tzea kosta zitzaidan baina hagitz ongi bukatu dut denboraldia, hasierako mailan” aipatu digu Ane Bergarak. Denboraldi honetako balantzea egin ondotik, hurrengora begira dago Berako futbolaria, baina oraindik ez du argi zer eginen duen.“Egia erran ez dakit zer eginen duten hurrengo urtean. Aurreko uda mugitua izan zen ez nekielako zer egin eta Espanyolen segitzea erabaki nuen. Oraingo egoera aurreko urtekoaren antzekoa da, ez dakit zer eginen dudan. Hemen Bartzelonan gustura nago baina 7 urte daramatzat etxe­tik kanpo eta etxe aldera bueltatzea gustatuko litzaidake baina ez dakit zer gertatuko den…” aipatu digu. Emakumeen futbolak zerikusi gutti dauka berriki Hego Afrikan ikusi dugun Munduko txapelketa dizdiratsuarekin. Honetan, badirudi krisirik ez dagoela, baina emaku­mez­koenean, ezberdin dira gauzak: “Patrozinadoreak lortzeko krisia nabaritzen da. Espanyol­en zorte ona dugu, nesken taldeak laguntza aunitz jasotzen baitugu mutilen taldearen eskutik.”.
He­rriko San Esteban bestetan parte hartzeko ere ez du aukera handirik izaten, “ahal badut bertan egotea gustatzen zait baina normalean ezin dut. Aurredenboraldia abuztu hasiera hasten dugu eta normalean ez naiz Beran egoten”. Bartzelona eta Bera, Bera eta Bartzelona… bietan gustura egoten da. "Bartzelonara nere familia eta lagunak ekarri­ko nituen eta Bartzelonatik Bera­ra hemengo lagunak eta hemengo klima eguzkitsua”  erran digu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun