Itsaso Fagoaga lesakarra laugarren Europako Txapelketan

TTIPI-TTAPA 2010eko uztailaren 22a

oan den asteburuan Espainiako Kopa jokatu zuen Itsasok eta abuztu hasieran Munduko txapelketan ariko da. Utzitako argazkia

Bide batez, Espainia mailan marka ezarri du neska gazteak

Itsaso Fagoaga lesakarrak inoiz lortutako emaitzarik onena lortu du Europako txapelketan: 4. postua eskuratu zuen uztailaren 2an eta 3an Kazan-en (Errusia) jokatutako txapelketan.
Txapelketan 75tik 64 plater xehetu zituen Fagoagak. Plater kopuru berdinarekin 4 emakume berdindurik gelditu ziren, baina finalera hiru sailkatzen zirenez, desenpatea egin eta finalerako postua lortu zuen lesakarrak.
Finalean 25 platereko bertze serie bat tiratu behar izan zuten. Lehen postuan zegoen in­ge­lesak 20 puskatu zituen; errusiarrak 22; Eslovakiakoak 20; eta dania­rrak, frantsesak eta lesakarrak 23. Hala, inge­lesak lehenengo postua lortu zuen 89 platerekin, Eslovakiakoak 6. postura jautsi zen 85 platerrekin eta errusiarra, dania­rra, frantsesa eta lesakarra 87 platerekin berdinduta geratu ziren. Be­rriz ere desenpatea egin  eta 4. postua lortu zuen Fagoagak. Eta 100 plateretik 87 hautsi zituenez, Espainiako erreko­rra hobetu zuen.
Joan den urtean finaleko atarian gelditu ondotik aurten laugarren postua lortzea «satisfakzio handia» izan da Fagoagarentzat, «horrek hobekuntza erran nahi duelako eta batez ere, hurrengo urteei begira nire buruarekin konfidantza gehiago hartzeko lagunduko didalako». Nahiz eta «pena pixka bat» izan podiumera igo­tzear geldituta, hagitz kontent dago lortutako emaitzarekin eta «beti nire ondoan laguntzen nahiz animatzen dauden guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, beraien laguntza gabe ez nuelako lortu izanen».
Europakoaren ondotik, joan den asteburuan Es­pai­niako Kopa jokatu zuen eta abuztuan, Ale­maniako Munduko Txa­pelketan izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun