La Miguel Indurain Nazioarteko XIX. Txirrindularitza proba igande honetan, uztailaren 25ean eginen da Beran, eta urtero bezala, bi ibilbide izanen dira aukeran: luzea –186 km–, eta laburra –113 km–. Iaz bezala, aurten ere Miguel Indurainek proban parte hartuko duela baieztatu die antolatzaileei.
Lehenik, 08:30ean ibilbide luzeena aukeratzen dutenak abiatuko dira Eztegara pasealekutik. Sunbilla, Doneztebe, Mugairi, Almandoz, Belate (hornidura-gunea), Olague, Egozkue, Urtasun, Eugi, Artesiaga (hornidura), Irurita, Ziga, Belate (hornidura), Arraizko Benta, Iraizoz, Larraintzar, Orokieta, Orokietako gaina (hornidura), Saldias, Urrotz, Doneztebe eta Sunbillatik pasatuko dira, berriz ere Beran helmugaratzeko.
CC Beratarra antolatzaile taldeak behin eta berriz errepikatzen du proba ez dela konpetitzeko, baina beti izaten da lehiakortasun hori erakusten dutenak eta garaipenaren bila joaten direnak. Ibilbide luzeko markarik onena Mikel Azparrenek egin zuen 2007an, 5 ordu eta 10 minutuko denborarekin. Palmaresean, lau aldiz garaipena lortu du Kantabriako Ivan Santurdek, 2003, 2005, 2006 eta 2008an.
Gero, 09:00etan, ibilbide laburrenekoak abiatuko dira eta ibilbide berdintsua eginen dute Belatetik jautsi arte. Orduan, eskuinera hartuko dute Ultzama aldera eta Orokietan barna, berriz ere Berara bueltatuko dira. Ibilbide laburrean denborarik onena Antonio Alcañiz gernikarrak egin zuen 2008an, 3 ordu, minutu 1 eta 7 segunduko denborarekin.
Joan den urtean hainbat arazo izan ziren, N-121-A errepideko moldaketa lanak furi-furian zeudelako eta txirrindulariek bideko zuloekin eta semaforoekin borrokatu behar izan zutelako.
Izen ematea asteburuan ere
Interesatuek bi modu dituzte izena emateko: Internet bidez www.laindurain.com-en edo zuzenean. Internetez egitekotan, federatuek 23 euro ordaindu beharko dituzte, eta ez direnek 29 euro. Online apuntatzen ez direnek, federatuak baldin badira, 25 euro ordaindu beharko dituzte eta 31 euro ez direnek. Zuzenean apuntatzekotan, hilaren 24an 15:00etatik 21:00etara edo 25ean, 06:30etik irteera ordua baino ordu erdi lehenago arte egiten ahalko da kiroldegian. Mikrotxiparen fidantza gisa 10 euro gehiago ordaindu beharko da.
Autobusa txirrindularien laguntzaileendako
Berako Txirrindularitza Elkarteak txirrindularien lagunentzako doako autobusa ere paratuko du proba egunean. Hala, gida batekin ibilbide turistiko egiten ahal izanen dute. Dena den, tokia mugatua denez, lehenbailehen apuntatzea komeni da: 948 631147ra deituta (15:00-21:00). Informazio gehiagorako ere telefono horretara deitu edo ccberatarra@laindurain.comera idatzi.