Itsaso Fagoaga kirolari lesakarra marka guziak gainditzen ari da denboraldi honetan. Hilabete hasieran laugarren postua lortu zuen Errusian jokatutako Europako txapelketan, orain arteko emaitzarik onena.
Asteburu honetan, uztailaren 17 eta 18an Espainiako Kopa jokoan zuen ongi ezagutzen duen Irungo San Martzialeko tiro eremuan. Aurten Nafarroako eta Espainiako txapelketaz gain, Erregearen Kopa ere irabaziak zituen 20 urteko lesakarrak eta Espainiako Kopa bakarrik falta zitzaion eta azken urteetan bezala, hori ere eskuratzea lortu zuen.
Marka handia
Ez zen ezusteko garaipena izan, baina lortu zuen marka handia izan zen harrigarriena. Eguraldiak ez zuen lagundu, euria egin zuelako eta lainoagatik gutti ikusten zelako, baina Itsasok 75 plateretik 70 haustea lortu zuen. Itsasok Jone ahizparekin batera zuen Espainiako errekorra, 66 hautsita. Beraz, errekorra hobetu ez ezik urratu egin duela erraten ahal du: “Hainbat txapelketa nituen errekorra gainditzeko punttuan geratuz eta azkenean lortu dut gainditzea. Gainera oso kontent nago ez dudalako plater bakarrarekin gainditu baizik eta hainbat platereko diferentziarekin izan delako. Hemendik aitzinera zailagoa izango da errekorra puskatzea” aipatu digu Itsaso Fagoagak.
Orain, entrenatzen segituko du abuztu hasieran Munich-en (Alemania) jokatuko den Munduko txapelketan parte hartzeko.