Guttiago falta da 2011ko Sanfermin bestetarako

Aitor Arotzena 2010eko uztailaren 22a

Aitor Arotzena

Ramon Etxenikek bota zuen suziria eta sei eguneko besta ederrei hasiera eman

Aurtengoei aio erran eta guttiago falta da 2011. urteko Sanferminetarako. Sei eguneko besta luzeak eta ikusgarriak izan dira eta aurtengoan, ez da eguraldiaren kexurik, nahiz eta zenbait egunetan beroa itogarria izan den.
Bezperan, Ramon Etxenikek bota zuen lehenbiziko suziriak abiatu zituen ospakizunak. Zugarramurdiarra sor­tzez, 31 urte daramazki Lesakan bizitzen Etxenikek eta azken 30etan Irain­ eskolako atezaina eta udal langilea da. Azaroan erretiroa hartuko duela-eta txupinazoa bota­tzeko ohorea kontent hartu zuen. Lehen egun horretan, ttikien tanborrada, helduena, musikariak eta Tantirudan­tza euskal folklore taldearen emanaldia izan ziren.
San Fermin egunean, herriko zaindariak ez ezik ezpatadantzariek hartu zuten protagonismoa. Zubigainekoa ederki dantzatu zuten eguerdian eta arratsaldean ber­tze horrenbertze egin zuten plazan, Pello Etxe­bes­te kapitainaren Au­rres­kua barne.
Peñen Eguna, oroi­tza­penerako eguna ere izan zen. Irrintzi taldekoek Fermin Altzugarai gogoratu zuten tanborradan. Beteranoekin batera, aurten Kostata peña ere atera da lehen aldiz, 13-14 urteko neska-mutikoekin osatua. Latsaga peñakoek azken urteetan hildako peñakideen aldeko brindisa egin zuten eta Kilkerrak peña­koek, duela 10 urte hilda­ko Jose­txo Tainta ere gogoan izan zuten. Oroi­tza­pena eta besta, ez baitira elkarren aurkakoak. Peñen jau­tsieran, bero itogarriari aurre egin zieten koadrilek, ahal bezala.
Azkeneko hiru egunak, haurrena, bikoteena eta igandea, izan ziren jendetsuenak, jende olde handia erakarri bai­tzuten aurten ere Sanferminek asteburuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun