Beheko Pisuetako besta eguna antolatu dute uztailaren 17rako

Nerea Altzuri 2010eko uztailaren 8a

Herritar guztientzako egitaraua prestatu dute bizilagunek

Herriko bestak Amabirjinetan izaten badira ere, udako bertze ospakizun bat eginen da aurten estreinako aldiz. Beheko Pisuetako bestak uztailaren 17an izanen dira eta bizilagunek aipa­tu bezala, Vallecasko bes­tak herritar guziei zuzenduak daude. Egitaraua osatzerakoan ere ez dira ez gibelera gelditu. Besta gunea eremu ttiki batean kokatuko bada ere, gaur bizi diren 50 lagun inguruk herrian barna auzoaren bizitasuna zabaltzeko asmoa dute.
11:00etan plazan bilduko dira eta ostatuetan barna triki poteoa eginen dute. Bazkal aitzinean, 13:00 aldera altxaferoa botako dute eta he­rriko dantzarien emanaldia izanen da ondotik. Pisuetako atarian luze-luze mahaiak paratuak izanen dituzte eta ajoa­rrieroa, saiheskiak eta tarta menua duen otordua giro ederrean eginen dute. Bizkaiko albokariak, bertsolariak, soinulariak... Mahai-ingurua alaitzen izanen dira. Baz­karian edonork parte har dezake, Pisuetako bizilagunen bati aipatu ber­tzerik ez da egin behar.
17:30ean haur eta helduentzako jokoak izanen dira. Musean ari nahi duenarentzako ere, txapelketa antolatu dute. Ilunabarrean eta arratsean, 02:00 arte Mikel Salaberri musikariarekin dan­tzaldia izanen da. Tartean, indarrak hartzeko zingar jatea eginen da.
16 bizitza daude Beheko Pisuetan. Denboraldi batez, guttiago bizi ziren arren, azken ur­teo­tan ia guztietan norbait bizi da. Bakarren ba­tzuk eraikiz geroztik ere bai. Aski auzo bizia da be­tidanik, eta orain ikusi bertzerik ez dago... Pisuetako bizilagunen taldetik behin eta berriz bes­ta hau herritar guztientzat dela azpimarratu digute. Beraz, guztiak gonbidatuak! Pisuetakoak aitzindariak ditugu auzoko bestak prestatzen. Eurek hasi dira, eta be­har­bada ber­tze auzoetarako adibide bat ere izan daiteke. Iaz, herriko bestetan auzota­rren otor­­duak gailendu ziren. Honek auzoko ospakizunak ugaritzea ekar lezake. Ikusiko dugu...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun