Harrobia haunditzeko eskaerari baiezkoa eman dio Nafarroako Gobernuak. Igantziko Harrobiak enpresa 2007an hasi zen baimena lortzeko tramitazioarekin, eta urte hartako urrian Udalak harrobia haunditzeari buruzko aldeko txostena egin zuen. Proiektua jendaurrean egon zen boladan ez baitzen alegaziorik aurkeztu. Horren ondotik, bertze baimen batzuk ere eskuratu behar izan ditu harrobiak, eta azkenean, joan den ekainaren 25ean eman zion behin betiko baietza Gobernuak.
Ustiapenak 30 urte iraunen ditu eta guztira 10,491.091 metro kubiko aterako dira. Urteko ekoizpena, berriz, 800.000 tonakoa izanen da eta zazpi fasetan eginen da.
Zanbudioren Bordako hondakindegia ia osorik bete dela-eta, hondakinak harrobitik 500 bat metrora dagoen Arantzako Mugarai eremura eramanen dira.
Harrobikoek, euren aldetik, harrobirako sarbideen bazterretan dauden zuhaitzak zaindu beharko dituzte, bereziki lehenengo 100 metrotan daudenak, eta hautsaren kontrako babes neurriak ere hartu beharko dituzte. Uretara egindako isurketak eta zaratak ere aintzat hartu beharko dituzte, bertze neurrien artean. Jarraipen txostenak ere bortz urtean behin aurkeztu beharko dira Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan.