1.500 txirrindulari atera ziren Berako Miguel Indurain proba zikloturistikoan

Aitor Arotzena 2010ko uzt. 26a, 10:52

Miguel Indurainek moztu zuen probako zinta, CC Beratarrako Jose Mari Telletxea eta Enrique Irazoki lagun zituela. Aitor Arotzena

Horietatik 1.080k ibilbide laburra aukeratu zuten eta 415ek luzea

1.500 bat txirrindularik parte hartu zuten igandean Club Ciclista Beratarra elkarteak hemeretzigarren aldiz antolatutako Miguel Indurain zikloturista proba. Horietatik gehienak, 1.080k, 113 kilometroko ibilbidea aukeratu zuten eta 415ek luzeagoa, 186 kilometrokoa.

1.500 bat txirrindularik parte hartu zuten igandean Club Ciclista Beratarra elkarteak hemeretzigarren aldiz antolatutako Miguel Indurain zikloturista proba. Horietatik gehienak, 1.080k, 113 kilometroko ibilbidea aukeratu zuten eta 415ek luzeagoa, 186 kilometrokoa.

Miguel Indurain berak lan bikoitza izan zuen. Lehenik, ibilbide luzeko zinta moztu zuen, CC Beratarrako Enrique Irazoki eta Jose Mari Telletxearekin batera eta kilometro batzuk egin ondotik, berriz ere Eztegarako irteera puntura bueltatu zen, ibilbide laburrari irteera eman eta proban lehen aldiz parte hartu zuen Marisa Goikoetxea emaztearekin batera ateratzeko.

Ez zen irteerako ikusgarri bakarra izan. Berako Prieto anaiek osatutako Prieto Team ere hantxe abiatu zen, lehen aldiz elkarrekin eta Joxe Mari aitaren gidaritzapean. XX. mendeko erdialdera txirrindulari handia izan zen Joxe Mari eta igandean, bortz semeen laguntzaile. Proban atera ziren beteranoenen artean zeuden Hondarribiako Miguel Bidaurreta 80 urterekin eta Pasaiako Juan Martin Quintanilla, 76 urterekin. Aipagarria da Euskal Herriko txirrindulariak ez ezik, Frantzia eta Espainiako hainbat bazterretatik etortzen direla Berara proban parte hartzera. Erraterako, Tenerifeko CC Tayda taldeko 13 txirrindulari izan ziren eta Molins de Reiko taldea, bere hamargarren partehartzea gogoratzeko maillot bereziarekin etorri zen.

 

Sailkapenak

Nahiz eta proba ez den lehiakorra, antolatzaileek sailkapenak ere egiten dituzten. Honela, proba laburrean, hamar lehenbizikoek orain arteko errekorra gainditu zuten eta bortz lehenbizikoek, gainera, hiru orduko mugatik beheiti ibili ziren lehen aldiz. Sprint gogorrean Asier Fernandez donostiarra gailendu zitzaion Miranda de Ebroko Teodoro Casabal, Usurgilgo Ekleylson Marques da Silva eta Eneko Fernandez donostiarrari. Lauek, 2 minutu, 58 segundu eta 12 segundu behar izan zituzten eta 5 segundu gehiago behar izan zituen Atarrabiako Martin Iraizozek. Aipatzekoa da Igor Babaze Baleztena zubietarra seigarren izan zela, 3 ordu eta 5 segunduko denborarekin.

Emakumeen artean, Iruñeko Ana Monreal izan zen azkarrena, joan den urtean garaile izandako Baionako Sylvie Sarcou eta Iruñeko Laura Ansorenaren aitzinetik. Berako Estibaliz Goienetxe Fagoaga zazpigarren izan zen.

Proba luzean ez zen markarik izan, baina Angel Vazquez Iglesias, Lazkaoko profesional ohia gailendu zen, 5 ordu, 14 minutu eta 59 segunduko denborarekin. Kasik 10 minutuko aldea atera zion iazko irabazleari, Errioxako Emilio Monagas-i eta hirugarrem posturako lehian, Luesiako (Zaragoza) Carlos Asin nagusitu zitzaion taldetxo bati. Talde horretan, Bixente Igarzabal lesakarra bederatzigarren izan zen.

Emakumezkoen artean, hiru lehenbizikoak gipuzkoarrak izan ziren. Elgetako Jone Mujikak 6 ordu, minutu 1 eta 22 segundu behar izan zituen eta kasik 37 minutuko aldea atera zion bigarrenari, Zumarragako Izaro Lasari. Izaskun Zubizarreta donostiarra izan zen hirugarren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!