Asteburu honetan burutu da Beasainen Ehun Miliak Lasterketa, Euskal Herrian egin den lehenbiziko Ultramaratoia. Beasainen abiatu eta Beasainen bukatu zen proba, tartean 167 kilometroko lasterketa egin ondotik eta Mendabia, Izazpil, Irimo, Hirukurutzeta, Erlo, Ernio, Txindoki, Ganbo, Lizarrusti, Etxegarate, Aizkorri eta Andraitzeko kaxkoak igaro ondotik. 11.000 metroko desnibel positiboa zuen probak eta bixtan denez, bakar-bakarrik prestakuntza handi-handia duten korrikalariek egiteko modukoa zen. Horren erakusgarri, Beasainetik 263 korrikalari abiatu zirela, baina 121ek bakarrik lortu zutela berriz ere Beasainen helmugaratzea. Lehenbizikoa, Imanol Aleson azkoitiarra izan zen, 25 ordu, 14 minutu eta18 segunduko lasterketaren ondotik.
Aipagarria izan da Manttaleko Josu Unsion Pabolleta beratarraren lana, hamaseigarren postuan sailkatu baitzen, 31 ordu, 36 minutu eta 39 segunduko denborarekin. Unsionek esperientzia badu mendi lasterketan, Saharako lasterketan ere atera zen iaz, baina luzera honetako lehen lasterketa zen beretzat.
Oraindik harrigarriagoa izan zen Oskar Telletxea Martiarena igantziarraren lana. Herri kirolean ezaguna da Telletxea, Munduko txapeldun izana da sokatiran Beti Gazterekin eta azken denboraldietan Amaiurrekin aritu da. Horretaz gain, txinga eramaten edo lasto altxatzen ere bere dohaiak erakutsi ditu, baina gisa honetako lasterketa batean parte hartzen zuen lehen aldia izanik, hogeitazazpigarren postua eskuratu zuen, 35 ordu, 34 minutu eta 43 segundu korrika eman ondotik. Bikain!