Berako Gure Txokoa elkartearen estatutuak aldatzeko ezohiko batzarra izan zuten uztailaren 16an Iamotenean. Gaia hagitz garrantzitsua izanik ere, Berako elkarteak dituen 1.300 bazkideetatik 26 bertzerik ez ziren elkartu bileran.
Proposatu ziren aukera ezberdinetatik lehenbizikoa izan zen bozkatuena, 20 boturekin. Hain zuzen, hauteskundeak deitu eta presidente, presidenteorde, idazkari eta diruzain postuetarako hautagairik aurkeztuko ez balitz, edo aurkeztutakoak aukeratuak aterako ez balira, une horretan elkarteak dituen bokalia bakoitzeko ordezkari banarekin osatutako Kudeaketa Batzordea osatuko litzateke. Batzorde honen agintealdia gehienez urtebetekoa izanen da eta denbora horretan, egokia baderitzo, hauteskundeak deitzen ahal ditu. Urtebeteko epea betetzen denean, prozedura berarekin batzorde berria izendatuko da eta aitzineko agintaldikoek ere, segitzeko aukera izanen dute.
Batzarrak izan zuen arrakasta eskasa ikusita, gaur egungo zuzendaritza batzordeko kideek gogorarazi dute Gure Txokoa bazkide guziek osatzen dutela, ez bakarrik zuzendaritzak, entrenatzaileek, dantza irakasleek eta bokalek eta Gure Txokoaren egunez eguneko lanetan parte hartzera animatzen dute mundu guzia.
Modu berean, zuzendaritza aldatzeko hauteskundeak irailaren 17an eginen direla abisatu dute.