Saveran 56 langileren kaleratzea aurrikusten duen Lan Erregulazio Espedientearen kontsulta epea bukatu zen uztailaren 13an, enpresako zuzendaritzaren eta langileen batzordearen arteko akordiorik gabe. Orain, Nafarroako Gobernuak izanen du azken hitza eta bi asteko epea izanen du erabakitzeko.
Akordiorik ez denez, zuzendaritzak azken bileran proposatutako eskaintzak ere bertan behera gelditu dira. Langileen Batzordearen ustez, zuzendaritzak aurkeztutakoa “deslokalizazioa estrategia” da. Uztailaren 13an egindako bileran, “kanpoko enpresei eskainitako produkzioa berreskuratzea” proposatu zuten langileek, baina zuzendaritzak ez zuen onartu, talde bereko enpresetan izanen zuen eragina kontuan hartuz. Berriz ere espedientea erretiratzea eskatu zuten langileek, baina zuzendaritzatik ez dela posible erantzun dute.