Itsaso Fagoaga lesakarrak inoiz lortutako emaitzarik onena lortu du Europako txapelketan, laugarren postua eskuratu baitzuen uztailaren 2an eta 3an Kazan-en (Errusia) jokatutako txapelketan.
Txapelketan 75tik 64 plater xehetu zituen Fagoagak. Plater kopuru berdinarekin 4 emakume berdindurik gelditu ziren, baina finalerako bakarrik hiru postu gelditzen ziren. Ondorioz, desenpatea egin behar izan zuten eta finalerako postua lortu zuen lesakarrak. Finalera sartu aitzinetik horrela geratu zen klasifikazioa: 1. postuan: Ingelesa bat 69 platerrekin; 2. eta 3. postuan: Errusiar bat eta Eslovakiako bat 65 platerrekin; 4. 5. eta 6. postuan: daniar bat, Frantses bat eta lesakarra 64 platerrekin.
Finalean 25 platerreko bertze serie bat tiratu behar izan zuten. Lehen postuan zegoen ingelesak 20 puskatu zituen; Errusiarrak 22; Eslovakiakoak 20; eta daniarrak, frantsesak eta lesakarrak 23. Horrela ingelesak lehenengo postua lortu zuen 89 platerrekin, Eslovakiakoak seigarren postura jautsi zen 85 platerrekin eta errusiarra, daniarra, frantsesa eta lesakarra 87 platerrekin berdinduta geratu ziren berriz ere 2. 3. 4. eta 5. postuan. Berriz ere desenpatea egin behar izan zen eta bertan 4. postua lortu zuen Itsaso Fagoagak, podiumeko atarian.
Espainiako errekorra
Txapelketa honetan 100 plateretik 87 hautsi zituen lesakarrak eta honenbertzez, Espainiako errekorra hobetu zuen.
Joan den urtean finaleko atarian gelditu ondotik aurten laugarren postua lortzea “satisfazio handia” izan da Fagoagarentzat, “horrek hobekuntza erran nahi duelako eta batez ere, hurrengo urteetara begira nire buruarekin konfiantza gehiago hartzeko lagunduko didalako”. Nahiz eta pena pixko bat izan podiumera igotzeko atarian gelditzeagatik, hagitz kontent dago lortutako emaitzarekin eta “beti nere ondoan laguntzen nahiz animatzen dauden guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, beraien laguntza gabe ez nuelako lortu izango”.
20 urterekin, aurten junior bezala azkeneko urtea du eta halere kategoria nagusietako tiralariekin lehia estuan ari da. Hurrengo urtean kategoriaz pasatuko da. Orain entrenatzen segituko du uztailean Espainiako Kopa eta abuztuaren hasieran Alemanian Munduko Txapelketa jokoan izanen dituelako.