Guttiago falta da 2011ko Sanferminetarako Lesakan

Aitor Arotzena 2010eko uztailaren 12a

Peñen eguneko jautsieran, edozerk balio zuen beroari aurre egiteko. Aitor Arotzena

Asteburuko jende oldearen eta besten ondotik, lasaitasunera bueltatu da herria

Aurtengoei aio erran eta guttiago falta da 2011 urteko Sanferminetarako. Sei eguneko besta handien bestondoa bizi dute Lesakan. Besta luzeak eta ikusgarriak izan dira eta aurtengoan, ez da eguraldiaren kexurik, nahiz eta zenbait egunetan beroa itogarria izan den.

Aurtengoei aio erran eta guttiago falta da 2011 urteko Sanferminetarako. Sei eguneko besta handien bestondoa bizi dute Lesakan. Besta luzeak eta ikusgarriak izan dira eta aurtengoan, ez da eguraldiaren kexurik, nahiz eta zenbait egunetan beroa itogarria izan den.

Bezperan, Ramon Etxenikek bota zuen lehenbiziko suziriak abiatu zuen sei egun luzeko besta. Zugarramurdiarra sortzez, 31 urte daramazki Lesakan bizitzen Etxenike eta azken 30etan Irain eskolako atezaina eta udal langilea da. Azaroan erretiroa hartuko duela-eta txupinazoa botatzeko ohorea kontent hartu zuen. Lehen egun horretan, ttikien tanborrada, helduena, musikariak eta Tantirudantza euskal folklore taldearen emanaldia izan ziren.

San Fermin egunean, herriko zaindariak ez ezik ezpatadantzariek hartu zuten protagonismoa. Zubigainekoa ederki dantzatu zuten eguerdian eta arratsaldean bertze horrenbertze egin zuten plazan, Pello Etxebeste kapitainaren Aurreskua barne.

Peñen eguna, oroitzapenerako eguna ere izan zen. Irrintzi taldekoek Fermin Altzugarai gogoratu zuten tanborradan. Beteranoekin batera, aurten Kostata peña ere atera da lehen aldiz, 13-14 urteko neska-mutikoekin osatua. Latsaga peñakoek azken urteetan hildako peñakideen aldeko brindisa egin zuten eta Kilkerrak peñakoek, duela 10 urte hildako Josetxo Tainta ere gogoan izan zuten. Oroitzapena eta besta, ez baitira elkarren aurkakoak. Peñen jautsieran, bero itogarriari aurre egin zieten koadrilek, ahal bezala.

Azkeneko hiru egunak, haurrena, bikoteena eta igande eguerdia bitarte, izan ziren jendetsuena, jende olde handia erakarri baitzuten aurten ere Lesakako Sanferminek asteburuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun