Tai Chi, natura, sormena eta clown lantzeko ikastaroak antolatu ditu Uhartean antzerki eskolak

Ttipi-Ttapa 2010ko uzt. 9a, 14:13

Mugabeclown ekimeneko irudi bat.

Uztailean eta abuztuan bi ikastaro eginen dira

Uda antzerki munduan pasa nahi dutenek, horretarako aukera izanen dute Uhartean antzerki eskolaren bitartez. Euskal Herrian jende, hizkuntza zein kulturen arteko topaketa eta elkarbizitza euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez bultzatzeko helburuarekin Mugabeclown egitasmoa landuko baitu Uharten-ek uztailean eta abuztuan. Bi ikastaro eskainiko ditu: Tai Chi Clown eta naturaren inguruan lehenbizikoa, eta sormena lantzeko clown ikastaroa bigarrena.

Tai Chi Clown eta natura ikastaroa uztailaren 16tik 18ra eginen da eta 20 orduko ikastaroa izanen da. Intza (Nafarroa) herriko Sorabile baserrian eskainiko da, eta animatzaileak Ramon Albistur (Clwon) eta Juanjo Elola (Tai Chi Chuan) izanen dira. 240 euroren truke, ikastaroa eta egoitza mantenu osoan (3 egun eta 2 gau) sartuko dira.

Sortze laneko clown ikastaroa, berriz, abuztuaren 8tik 15era eginen da Berako Alkeberea landetxean. Maskulino-femenino harremana gaitzat hartuta, “eredu patriarkalari buruzko clownaren gogoeta” eginen da. Sortze lana da helburua eta ahots eta gorputz adierazpena eta inprombisazio dramatikoa landuko dituzte horretarako. 55 orduko ikastaroa izanen da, eta Esther Carrizo eta Ramon Albisturrek eskainiko dute. 750 euro ordainduta, ikastaroa eta egoitza mantenu osoan sartuko da (8 egun eta 7 gau). Ordainketa epetan egiteko aukera ere badago.

Informazio eta xehetasun gehiago: www.uhartean.com

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun