Etxeko armairuan erabili gabe dauden arropekin trukea egitea proposatu du Berako Gure Txokoa Dantza Taldeak. Erabili gabe dagoena norbaitentzat baliagarria izan daitekeela uste du Dantza Taldeak, eta hortaz, hurrengo astean arropak bildu eta trukea eginen du. Hiru egunetan eginen da, Gure Txokoaren egoitzan.
Lehenbiziko txanda uztailaren 12an eginen da, 18:30etik 20:30era, eta erabiltzen ez diren arropak jasoko dira: mutil zein neskenak, arropak zein oinetakoak, ttikienak zein helduagoenak... Arropa eramaten duenak jantzi bakoitzeko bale bat jasoko du hurrengo txandan erabiltzeko. Uztailaren 14an, 18:30etik 20:00era, baleak arropekin trukatzeko modua izanen da. Eta uztailaren 15ean, ordutegi berean, balerik ez dutenek, soberan gelditu diren trajeak eskuratzeko aukera izanen dute, bortz euroren truke.