500 lagun baino gehiagok bat egin zuten uztailaren 3an Saverako langileen batzordeak deitutako manifestazioarekin eta Berako lantegiaren eta Altzateko Plazaren arteko ibilbidea osatu zuten.
Saverako 137 langileek senideen, lagunen eta zenbait alkate eta zinegotziren babesa jaso zuten, baita Txiki Muñoz, ELAko idazkari nagusiarena ere. Ibilbidea irekitzen zuen pankartan “Savera: lanpostuak Txinan? Nafar Gobernuak: esan ezetz” irakur zitekeen eta gibelerako, langileen emazte, bikotekide eta seme-alabek zeramatenean, berriz “Savera greban, 56 familia etorkizunik gabe”.
Ibilbidean, “Hemen bizi, hemen lan egin”, “Jo ta ke irabazi arte” edo “Menos inauguraciones, mas empleo” oihuak ere bota ziren.
Behin ibilbidea bukatutakoan, Manuel Moncayola, Saverako langileen batzordeko presidenteak gogorarazi zuenez, “Saverak liburuko deslokalizaziobat egin nahi du eta hemen egiten dugun lana Txinara eraman”.
Ez da asteburu honetan Saverako langileek egin duten mobilizazio bakarra. Ortziralean, Hernaniko lantegian eta Doneztebeko azpiestazio elektrikoaren inaugurazioan izan ziren, bere eskarien berri ematen. Azken honetan, Jose Mari Roig Lan Departamentuko kontseilariarekin izan ziren eta enpresarekin bitartekari lana egitea onartu zuen. Izan ere, zuzendaritzak bertan behera utzi ditu negoziazioak, baina berriz ere uztailaren 6an, 09:00etan biltzeko gelditu dira zuzendaritza eta langileak, kontseilariaren bitartekaritzarekin.