Savera lantegiak dituen 137 langileetatik 50 kaleratu nahi ditu orain zuzendaritzak. Horixe iragarri zuen asteartean, uztailak 6, Langileen Batzordearekin eta Nafarroako Gobernuko Lan Departamentuko ordezkariekin egindako bileran. Hala, kontsulta epea bukatzeko astebete falta denean –uztailaren 13an bukatuko da– hasieran iragarritako 56 kanporatzeetatik 50era jaitsi du kopurua. Horrekin batera, langileak birkokatzeko borondatezko boltsa ere mantendu nahi du. Eta boltsa horretan sartzen direnek lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalteordainak jasoko lituzkete, gehienez ere 12 hilabeteko mugarekin. Eta bi urteotan guttienez sei hilabeteko kontraturik ez duten langileek, lan egindako urte bakoitzeko 35 eguneko kalteordainak jasoko lituzkete. Badirudi, birkokatzeko planarekin bat egiten ez duten langileak "ezinbertzean" kaleratuak izanen direla.
ELAko bederatzi ordezkarik osatzen duten Langileen Batzordearentzako, ordea, “zaila” izanen da eskaintza hori onartzea. Dena den, aste honetan borondatezko boltsa horretan apuntatzeko aukera izanen dute langileek. ELAren arabera, enpresa ýbalizko deslokalizazioa” ezkutatzen ari da, eta bide batez, salatu egin du proposatutako erretiroen plana baztertu duela enpresak. 55 urtetik goitiko hamar bat langileei eraginen lieke aipatu erretiro plan horrek. ELAren irudiko, kaleratzeak 56tik 50era murriztea Nafarroako Gobernuaren aitzinean “eskuak garbitu nahi izatea” da.