"Lehen hitza euskaraz" San Juan bezperako jaialdia arrakastatsua izan zen Lesakan

Aitor AROTZENA 2010ko eka. 25a, 12:07

San Juan bezperan, berriz ere sua, dantza, kantua eta euskara lotu ituen Euskara Batzordeak. Aitor AROTZENA

Euskara Batzordeak, Plaza Berriko eta Antoiuko etxe izenak jarri zituen lehenik eta gero musika, dantza eta sua izan ziren komentu inguruan

Joan den urtean bezala, aurten ere San Juan bezperan ospakizun berezia plantatu zuen Lesakako Euskara Batzordeak. Iazkoan, “Badakizue, egizue” izan zen egunerako hautatutako leloa, eta aurten “Lehen hitza euskaraz”.

Joan den urtean bezala, aurten ere San Juan bezperan ospakizun berezia plantatu zuen Lesakako Euskara Batzordeak. Iazkoan, “Badakizue, egizue” izan zen egunerako hautatutako leloa, eta aurten “Lehen hitza euskaraz”.

Helburu horrekin, lehenik Euskara Batzordeko kideak, Xalbador Madariagak zuzentzen zuen akordeolari taldearen laguntzarekin Plaza Berria eta Antoiu karriketan barna ibili ziren, etxeen izenak paratzen. “Gure etxeak euskaraz, euskara gure etxea” esaldiaren azpian, sarritan gutti erabiltzen diren etxeen izenak ageri ziren. Bizilagunak kontent ageri ziren. Kastillobaitan, erraterako, zalantza zuten izen hori edo etxeak lehenago, 1726 urtera arte bederen, zuen Erlajauregia jarriko ote zuten, baina gaur egungoa jarri zuten. Sugimusukoek, berriz, izen horren ordez ahoz aho erabiltzen den Sumusua paratuko zutela uste zuten, baina Sugimusu jarri zuten xuxen Euskara Batzordekideek. Bertze batzuk, berriz, bertan jaio eta bizi arren, ez zuten inoiz etxearen izena aditu ezta, noski, erabili ere. Honela, Antoiu karrikako Laureskoneako alabak ez zuen izen hori ezagutzen. “Goazen etxera erran izan  dugu beti, baina hemendik aitzinera, erabiltzen saiatuko naiz” zioen. Honela, karrikari izena ematen dion Antoiuko errotan bukatu zuten ibilaldia Euskara Batzordekideek eta akordeolari taldearen laguntzaz, komentuko belagira joan ziren, jaialdian parte hartzera.

Jaialdia hasteko, Lesakako bertso eskolako ttikienak, Ane Renaud Antzizar, Kattalin Odriozola Muxika, Uxue Mesa Garmendia, Ane Telletxea Igoa eta Maddalen Arozena Fresnedak kantatu zuten egunaren leloari, “Lehen hitza euskaraz” ongi egokitzen zaion Pirritx eta Porrotxen kantua, koreografia eta guzi.

Segidan, Abesbatza igo zen eszenatokira eta Marisol Perezen gidaritzapean, kantu ederrak abestu zituzten.

Segidan, Etnia taldearen txanda heldu zen, baina taldekide guziek ezin izan zutenez parte hartu, Olaia Iantzi eta Itziar Telletxea aritu ziren kantari, gitarraren laguntza bakarrarekin.

Dagoeneko lehen suak piztuak zeuden, eta neska-mutikoak batean eta bertzean saltari zebiltzan, baina oraindik arratseko bertze sorpresa bat ere bazen, ezpatadantzarien taldeak Sanfermin eguneko entsaioa hantxe bertan egin baitzuen, suaren inguruan.

San Juan bezperako arratsaldea bukatzeko eta gaua hasteko modu ederra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun