Etxean ttikitatik ikusi duena afizio hartu eta aizkoran bere bidea egiten ari da Oihan Larretxea (Bera, 1990). Ez nolanahaiko bidea, gainera, emaitza onak eskuratzen ari baita. Azkena Azpeitian ekainaren 5ean lortutako garaipena izan da, Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketan, 23 urtez azpikoen txapela jantzi baitzuen Ugaitz Mugertzari minutu eta 13 segundoko aldea aterata. Etxean maisu haundi bat izateak, Donato Larretxeak, alegia, aunitz laguntzen diola aitortu digu, eta aitzinera begira segitzeko gogoz dago.
GOGORRA
«Aizkora kirol gogorra dela badakit, baina gustatu egiten zaigu eta...»
URDURITASUNAK
«Nerbiosoegia naiz eta abudoegi hasten naiz aizkoran. Attak beti lasai aritzeko erraten dit»
APUSTUAK
«Gerora eginen ditut apustuak, baina denbora aunitz behar da prestatzeko»
Nolako enborra, halako ezpala. Horrela dio erranerak, baina zenbaitetan hala da. Larretxeatarren kasuan behintzat bai. Aizkorarako eta basoko lanerako duen afizioa transmititu dio Donato Larretxeak Oihan semeari. Atta pozik semea attaren bidea egiten ari delako. Eta semeari, berriz, nabari zaio bai atta zenbat miresten duen. Aizkolari gustukuena zein duen galdetuta, zalantza izpirik gabe erantzun baitigu: «atta».
9 urte zituela eman zituen Oihanek lehen aizkora kolpeak, baina «serio, 13 urterekin» hasi zela kontatu digu. Dena den, «etxean betidanik ikusi izan dut aizkora, eta gustatu egiten zait», gaineratu du. Hortaz, attak gehiegi errepikatu gabe hasi zen bera ere aizkoran. Eta lana ere attarengandik sobera aldendu gabe egiten du Oihanek, berekin aritzen baita basoan.
Kirol gogorra aukeratu du duela badaki beratarrak, «baina gustatu egiten zaigu eta...», dio. Entrenamenduak «ahal denean» egiten dituela adierazi digu: «lanetik atera orduko berandu izaten da, eta joan, egurra prestatu, entrenatu... denbora aunitz joaten da. Baina Mugairin aunitz laguntzen digute eta hori eskertzekoa da». Astean bizpahiru aldiz Oronoz-Mugairin duten txokoan egiten ditu entrenamenduak.
Aizkoraz aparte, ordea, bada gustatzen zaion bertze zerbait ere, eta duen adinarekin normala dena: «besta egitea». Aitortu digunez, «gehixko» gustatzen omen zaio. Baina besta utzi eta aizkoran aritze hori ere ez zaiola gogorra egiten aipatu digu: «gustatuz gero, dena uzten da».
Attak babes haundia
Aizkoran dabilenetik ondoan eduki du Oihanek atta, eta horrek babes haundia ematen dio gazteari: «atta ondoan izatea erosten ahal ez den gauza bat da». Eta ba omen da attak behin eta berriz ematen dio aholku bat ere: «lasai aritzeko». «Nerbiosoegia naiz eta abudoegi hasten naiz. Beti lasai aritzeko erraten dit». Gainerakoan, lan luzeetan edo motzetan, bietan gustura aritzen dela adierazi digu, eta attari bezala, apustuak ere gustatzen omen zaizkio: «gerora eginen ditut, baina denbora aunitz behar da prestatzeko». Plaza bat aukeratzeko eskatuta, berriz, Doneztebekoa egin du: «han aritua naiz pixka bat eta hango giroa gustatzen zait».
Aunitzetan nabarmendu izan da Oihanen kolpea baina bere ezaugarriren bat nabarmentzeko eskatu diogunean, umil erantzun digu: «denek kolpea erraten dute, baina ez dakit...».
Urtea borobila doa gaztearentzat. Urrezko Aizkolarien Binakako Txapela irabazi baitu aurten, norekin eta attarekin. «Attarekin irabaztea bakarrik gauza ederra da, eta Maila Nagusian izanda, oraindik gehiago», dio semeak gustura. 20 urte bertzerik ez eta palmaresa ederki osatzen ari da: Urrezko Aizkoran, 2008an Garikoitz lehengusuarekin binakako 23 urtez azpiko txapela jantzi zuen, eta urte berean, Nafarroako Hirugarren Mailakoa ere irabazi zuen. Eta azkena ekainaren 5ean lortu zuena, Urrezko Aizkoran, 23 urtez azpikoen banakako txapela, Mugertza II.ari irabazita. Udan ere plaza dezente pasatu beharko ditu beratarrak, baina gustuko tokian, maldarik ez.
Zaila izanen du attaren markak haustea, «ezinezkoa» Oihanen hitzetan, baina baditu gogoa eta sasoia, eta nork daki. Aizkoran gerra emanen duela, hori behintzat segurua da.