Zazpi urte daramatza Ane Bergara futbolariak Bartzelonan bizitzen, eta bortz denboraldi Espanyol taldean. Ttikitatik erakutsi izan du futbolerako duen abilezia, eta aurtengo denboraldia ere bikain osatu du. Abendu aldera belaunean min hartu eta bi hilabetez jokatu ezinik egon bazen ere, errekuperatu eta ederki bukatu du denboraldia. Ligan, denboraldi osoan lehen postuan joan ondotik, ez zuen irabazterik izan Espanyolek, azken momentuan Rayo Vallecanok kendu ziolako garaipena, lehenbiziko partidan galdu eta itzulerako partidan berdinketa egin ondotik. Baina Espainiako Kopan bertzelakoa gertatu zen. Kopako finalean ere Rayo Vallecano izan zuten Bergarak eta bere taldekideek aurkari, baina garaipena Katalunia aldera joan zen. 3-1eko markagailuarekin irabazi baitzuen Espanyolek. Gainera, herritarrarena izan zen markagailua ireki zuen gola. Lerro hauen bidez, zorionak eta bejondaizula Ane!